La Herrera urbanizatzeko bizilagunei galdetzea eskatu du EH Bilduk
Portuak aurkeztutako proiektuari alegazioak egin dizkiote Pasaiako eta Donostiako EH Bilduk. Gune berria gazteen aisialdirako nahi dute.
Berriki atera da argitara La Herrerako pasealekua urbanizatzeko Pasaiako Portu Agintaritzaren (PPA) proiektua, eta Pasaiako nahiz Donostiako EH Bilduk bat egin dute, horri lotuta, hiru helegite aurkezteko.
Aspaldi dira Trintxerpe eta Herrera auzoko bizilagunak portuko biltegi berrien estalkia urbanizatzeko zain, eta koalizio abertzaleak bidegabekotzat jo du, egitasmoa argitaratu berri den honetan, “proiektua moldatzeko auzotarren iritzirik bildu ez izana”.
Sinetsita esan dute taldeek azpiegitura berri horrek “mesede handia” egin diezaiekeela Trintxerpeko eta Herrerako bizilagunei, Gomistegikoei eta Gaiztarrokoei barne, baita Bidebietakoei ere. “Eremu zabal horrek arnasgune funtzioa bete dezake”, esan dute, “hain dentsifikatuta dauden auzoentzat, bereziki gazteentzat”.
Testuinguru horretan, EH Bilduk hiru helegite hauek aurkeztu ditu gaur. Horra hor, hitzez hitz:
- Joaquin Montero arkitektoak idatzi duen proiektuak Pasaiako Udalbatzak 2011ko maiatzaren 18an hartutako erabakia errespetatzen duen aztertzea eskatzen dugu. Erabaki honek, La Herrera gunerako etorkizunerako ordenazio irizpideak zehazten ditu eta herritarrek parte hartze prozesu zabal batean egindako proposamenaren aspektu zehatzak definitzen dira.
- Pasaiako Portu Agintaritzari eskatzen diogu inguruko bizilagun eta elkarteekin proiektuaren aurkezpen publikoa egiteko behin betiko onarpena eman baino lehen, proiektuaren nondik norakoak partekatzeko eta aipatutako kolektiboen ekarpenak jasotzeko.
- Esku-hartzearen xede den gunea, gaur egun, pasabide gisa erabiltzen dute Pasaiako zein Donostiako ekialdeko zenbait auzotako bizilagunek. Proposatzen den plaza berriari erabilera konkretua emate aldera, uste dugu proiektuak gazteen aisialdirako gune berria eskaini dezakeela, adibidez, kirol anitzeko pistez, iturriaz edota lagunekin elkartzeko guneez osatuta. Betiere, bizilagunek egin ditzaketen proposamenen kontra egin gabe.
Funtsezkotzat jo dute bilkideek ingurura begiratzea, uste baitute PPAk proposatu duen parkearen antzeko beste bi haur-parke badaudela tarte oso txikian. “Ez du zentzurik baliabide publikoak bikoizteak”, gaitzetsi dute. Gogoratu ekarri dute, halaber, PPAren proiektua jendaurrean dela, ekarpenak egiteko aukerarekin, hilaren 22ra arte.
Bi udalei begira, EH Bilduk proposamen bana erregistratu zuen joan den astean, Pasaiako eta Donostiako udal gobernuei alegazio bat aurkezteko eskatuz, portuko agintariei eskatzeko bilera publiko bat dei dezala inguruko herritarrekin, proiektuari buruzko iritziak eta proposamenak jasotzeko.