‘Oinez hobe!’ egitasmoa garatu du udalak
Herriko hainbat gunetan eremu ezberdinen arteko oinezko bidea zenbat minutuan egiten den azaltzeko panelak jarri dituzte.
Herri barruko desplazamenduak oinez egitea sustatu asmoz, Lezoko Udalak Oinez hobe! egitasmoa garatu du. Horren euskarri nagusiena Metrominutu izeneko panelak dira. Bertan, herriko hainbat erreferentziazko eremutatik besteetara oinez dagoen distantzia dago adierazia, baita ibilbidea egiteko behar den denbora tartea ere, minututan. Izena ez da ausazkoa: hiri handietako metro eskuorrien estetika dute panelek, metro lineen ordez herriko bi punturen arteko koloretako marra dagoelarik.
Asteartean aurkeztu zuten egitasmoa Jesus Mari Martiarena alkateak eta Irlentz Ortega Kirol zinegotziak. Adierazi zuten, oinezko desplazamenduek pertsonen «ongizate eta bizipozan» eragina dutela, eta aldi berean ingurumen alorretik ere eragin daitekeela motor ibilgailu bidezko herri barruko bidaiak alboratuz.
Bederatzi gunetan jarri dituzte panelak: Bekoerrotan, Altzate igerilekuan, anbulatorioan, Tomas Garbizu Musika Eskolan, Lezo Herri Eskolan, Pasaia-Lezo Lizeoan, Gurutze Santuaren plazan, Plazetan, eta Aiton Bordan.