Antxon elkarbizitza sustatzeko gakoak eman dituzte Anunciatako ikasleek
DBH 3ko ikasleek, udalarekin eta Izaro Mariezkurrena artistarekin elkarlanean, elkarbizitza dekalogo bat sortu dute euren kezketatik abiatuz.
Pasaiako Udalaren Eskubidean planaren baitan, ikasturte honetan zehar, herriko ikastetxeetako haur eta nerabeek aukera izan dute herri-komunitateari loturiko euren kezkak mahai gainean jarri eta horiei irtenbideak bilatzeko.
Testuinguru horretan, Anunciatako DBH 3ko gazteek elkarbizitza gai nagusitzat hartu eta era kolektiboan hausnartu dute horri buruz. Urritik zenbait topaketa egin dituzte ikasleek, udaleko Migrazio eta Aniztasun teknikariekin, bai eta Berdintasun teknikari eta Eskubidean planeko arduradunekin ere. Horiek denek, elkarlanean, elkarbizitzarako dekalogo bat osatu dute.
Nola sentitzen zara ikastetxean edo barrutian? Zer daukazu zuk hobetzeko? Zer barrutiak? Zer egin dezaket nik? eta Zer errespetatu behar du barrutiak? galderei tiraka, “ideia zaparradak” bota dituztela esan dute dinamizatzaileek. “Zerrenda luze hori orraztuz, adostasunetara iritsi eta hori hamar puntutara ekarri dute, ideia nagusiak laburbilduta”. Horra hor:
- Antxo garbi mantentzea eta birziklatzea.
- Bizikidetzarako eremu seguruak izatea.
- Tratu ona sustatzea.
- Zurrumurruak deuseztatzea.
- Bizilagunekiko begirunea izatea.
- Elkarri laguntzeko sareak sortzea.
- Gazteon ahotsa entzuna izatea.
- Herritarrekiko errespetua adieraztea.
- Eraikin publikoak zaintzea.
- Desberdintasunak maitatzea.
Barrutia ere aintzat hartzea nahi dute
Kezka horietatik abiada hartuta, elkarbizitza hobetzeko zenbait gako eman dituzte. Asmo nagusia da, norberaren baitan hasita, eskolan ideia horiek barneratu eta barrutian eragitea.
Ikasgela guztietako lagunen artean zabaldu dute dekalogoa, baita gurasoen artean ere. Komunitatean ere eragiteko, Izaro Mariezkurrena artista sanjuandarraren laguntzarekin, dekalogoa infografia bihurtu dute, eta puntu bakoitzari eurentzat adierazgarria den irudi bat egin diote.
Irudi horiek 10 seinale dira, eta komunitatearentzako “gizarte-arauak” izatea nahi dute. Irudi horiek Gure Zumardian jarri dituzte.