Beraungo Sarriegi plaza berrurbanizatu dute
Belaunaldien arteko begiradarekin sortu da plaza berria, adinekoak eta haurrak izan baititu kontuan obrak egiterako garaian.
Sarriegi plaza herritarrentzat irekia dago dagoneko, eta gaur goizean aurkeztu dute Aizpea Otaegi alkateak eta Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak, auzo elkarteko hainbat kiderekin batera. Esku hartze berri batek plaza hori berrurbanizatu du belaunaldi arteko begiradarekin, izan ere, adinekoak eta haurrak izan ditu kontuan. Obrek 3.400 metro karratu leheneratzea ahalbidetu dute, eta 474.708 euroko aurrekontua izan du.
Esku hartze horren helburua plaza erakargarriagoa, funtzionalagoa eta irisgarriagoa egitea izan da, eta, aldi berean, altzari berriak jarri dituzte. Altzari horiek adin guztiak hartzen dituen arren, arreta berezia eskaintzen die adin txikikoei eta helduenei. Horrez gain, Sarriegi plazaren berrurbanizazioa agintaldi planean txertatua zegoen, beste konpromiso bat betez.
Plazaren diseinuak hezkuntza ikuspegia jasotzen du, haurren mugimendu eta sormen garapena bultzatuz. Gune horrek zahartze aktibo eta osasungarriaren aldeko apustua ere egiten du, eta adin ezberdinetako pertsonen arteko topagune eta zaintzarako gune izatea bilatu nahi da.
Sarriegi garaje eraikin baten gainean dagoen plaza denez, horrek baldintzatu egin du egin zitekeen esku hartze mota. Hori dela eta, lanen konplexutasuna ikusita, lan hori egokitu eta koordinatu egin dute garaje horien emakidadunek horiek iragazgaizteko egin behar zituzten jarduketekin.
Egindako jarduketak
Obra horrekin plaza irisgarriagoa izateko zeuden oztopo arkitektonikoak kendu dituzte. Horrez gain, berdeguneak handitu eta puntu ilunak kendu dituzte. Hiri altzariak ere berritu dituzte, argiztapena hobetuz, ur iturri bat gehituz eta eskudelak eta barandak jarriz.
Egin den birsorkuntzak plazaren hobekuntza funtzional eta estetikoa sendotu du, bertako egonaldia atseginagoa eta erosoagoa bihurtuz eta Beraun auzoa erreferentziazko espazio berria sortuz.
Adinekoei eta haurrei begiratzen dien plaza
Proiektuak, hasieratik, adineko pertsonen eta haurren beharretan jarri du fokua. Ildo horretan, Sarriegi plazako parkeak Txirrita parkea bezalako beste parke batzuen ereduari jarraitzen dio, Errenteriako Udalak udalerri hezitzailea izateko egin duen apustuarekin bat eginez.
Adinekoak ere kontuan izan dituzte plazaren diseinua osatzean. Ibilbide guztiz irisgarriak sortzeaz gain, egonaldi eta elkarguneak zabaldu dituzte eta aire zabaleko ariketa egiteko aukera ematen duten makinak eta elementuak instalatu dituzte.