[Elkarrizketa] "Bertara joan eta Euskadiko txapeldun izendatzeak asko poztu nau"
Jokalari errenteriarrak hirugarrenez irabazi du Euskadiko binakako hondartzako boleibol txapelketa, eta pozik da. Orain, Zaragozan jarraituko du bere ibilbidea, hango talde batekin sinatu berri baitu.
Euskadiko binakako hondartzako boleibol txapelduna izan zara duela gutxi, Katalin Garcia getxoztarra bikote zenuela. Garaipen handia, ezta?
Gure hirugarren aldia izan da Euskadiko txapeldun izan garena, eta oso pozik gaude. Hasiera batean ez nuen uste parte hartuko nuenik, eta bertara joan eta txapeldun izateak asko poztu nau.
Nola joan zen txapelketa? Espero zenuen irabaztea?
Bagenekien bi bikote oso on zeudela eta guri gauzak konplikatzeko aukerak zituztela. Baina jokatzen hasi ginenean, oso ondo moldatu ginen eta ikusi genuen irabazteko aukerak genituela. Zorionez, horrela izan zen, eta txapelketa geureganatu genuen.
Gaztea zara eta lorpen ugari ari zara eskuratzen. Kontziente zara egiten ari zarenaz?
21 urtez azpikoen mailan izan naiz Euskadiko txapeldun, eta Senior Maila oraindik urrun geratzen da. Pixkanaka gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatzen ari naiz, eta seniorretara pasatzen naizenean, bide horretatik jarraitzen ahaleginduko naiz.
Hondartzan eta pistan lehiatzen zara. Zein modalitate duzu nahiago? Non moldatzen zara hobe?
Orain arte bi modalitateetan murgildu naiz, baina aurten hondartzan bakarrik zentratu naiz. Beti gehiago gustatu izan zait hondartza, eta aurten soilik bertan lehiatzeko aukera eskaini zidaten, eta hartu egin nuen.
Zaragozako talde batekin sinatu berri duzu. Zergatik zoaz Zaragozara? Nolako taldea aurkituko duzu han?
Nik ez nuen hona [jada Zaragozan da] etortzeko ideiarik, baina deitu zidaten esanez hondartzan zentratuko den proiektu berri bat abiatuko zutela. Betidanik hondartza gehiago gustatu izan zait, eta jakinik Donostian ez dudala aukerarik urte osoan hondartzan aritzeko, eguraldiagatik eta ez dagoelako klubik soilik hondartzan murgiltzen dena, aukera eskaini eta hartu egin nuen. Horrez gain, aurten hasiko naiz unibertsitateko ikasketak egiten, eta Zaragozako aukera ere egokia zen niretzako aspektu horretatik. Horregatik erabaki dut hona etortzea.
Zein dira zure erronkak eta helburuak talde berrian?
Hilaren 29an Aragoiko Txapelketa dugu, eta hura irabazten saiatuko gara Espainiako Txapelketara joan ahal izateko. Aragoiko selekzioarekin ere Espainiako Txapelketara joaten ahaleginduko gara.
Nolakoa da Gipuzkoan boleibolaren osasuna? Jarraitzen eta praktikatzen den kirola da? Talde asko dago?
Gipuzkoan ez dago boleibol zaletasun handirik. Pixkanaka jende gehiago ari da gure kirola praktikatzen, baina ez dago estatuan dagoen adina jarraitzaile.
Nondik datorkizu boleibolarekiko zaletasuna? Noiz hasi zinen praktikatzen?
Udan hondartzan egiten zituzten ikastaro batzuetan hasi nintzen boleibolean, hamaika urte nituenean. Udan zerbait egiteagatik eta kirola egiteagatik apuntatu nintzen, eta probatutakoan asko gustatu zitzaidan. Hori dela eta, klub batekin hitz egin nuen eta haiekin hasteko aukera eman zidaten, gaurdaino.