[Elkarrizketa] “Familia saharar guztiek dituzte martiriak, guztiek”
Hamazazpi urte daramatza Fatimetu Salec-ek Oiartzunen. Hark eta Hadamin Mahmud senarrak Saharako gatazkaz hitz egin dute, eta independentzia beharrezkoa dela argi utzi dute: «Noski, Sahara libratzen den egunean itzuli egingo gara».
Non jaio zinen?
FATIMETU SALEC (F. S.): Errefuxiatuen kanpamentuetan, Tichlan. Lohiez egindako etxeetan eta haimetan bizi gara. Kanpamentuak oso ongi antolatuak daude. Bost uilaies [hiri] daude, horietan sei herri, eta herri bakoitzak lau auzo ditu. Guztiak horrelakoak dira, Fronte Polisarioak egin zituelako. Laguntza humanitarioen mendekoak direnez, zorrotz banatu zuten eremua.
Noiz sortu ziren kanpamentuak?
HADAMIN MAHMUD (H. H.): [Ez du argazkietan atera nahi izan] Fronte Polisarioa 1970eko hamarkadan sortu zen, eta 1973an hasi zen errepublika edo herrialde gisa funtzionatzen. Gero, Espainiak Marokori giltza eman zion, eta marokoarrek herrialdea bitan zatitu zuten. Guk ihes egin genuen Tindufera [Argelia], eta han jarraitzen dugu.
Kanpamentuetan bizi zaretenez, ez dago inolako burujabetzarik lortzerik, ezta?
H. M: Ez, ez. Laguntza behar dugu aurrera egiteko.
F. S: Gure herria arrunt aberatsa da. Arrantza-leku bikainak ditugu, baliabide natural ugari, lehengaiak, petrolioa, fosfatoa…
H. M: Hondarra ere lapurtzen digute hondartzetara eramateko; Mallorcara, Kanaria uharteetara… Marokok 30 zentimotan saltzen du Saharako hondar kiloa. Gainera, lapurtzen diguten guztia bereganatzen dute, ez dute saharar jatorria aitortzen; Marokoko edo bestelako zigiluren bat ipintzen dute. Bitartean, basamortuan jarraitzen dugu, urtean bi urtarorekin, hotza eta beroa, baina borrokan jarraitzen dugu. Besterik ez dugulako jarraitzen dugu hor. Orain berriro borrokara itzuli gara marokoarren aurka.
Maroko eta Sahararen mendebaldea lotzen dituen errepidearen gatazkaren harira hasi da berriro guda?
F.S: Bai, baina hori beste kontu bat da, herrialdeen eta politikarien artekoa. Gerra jada hasi da. Marokoarren hegazkinak jendea akabatzen ari dira Fronte Polisarioak askatutako lurraldeetan.
Nola egin zenuen honako bidea?
F.S: Lehenik, 2001ean Andaluziara joan nintzen, Malagara. Gero, Kanarietara; ondoren, Badajozera joan nintzen nire aitarekin paperak egitera. Hamabost egunetan lortu nituen, nire aitak aspaldiko nostasun agiri espainiarra zuelako. Eta orduan, berriz ere, Kanarietara itzuli nintzen. Bassirik [semeak] bi urte zituen, eta egundoko mina sentitu nuen, baina kanpamentuetara, nire amarengana, bidali behar izan nuen. Kanarietan lan franko egin nituen, garbitzen-eta… Baina ez ziren lan onak. Hortik Valladolidera joan nintzen, etxe batean sartu nintzen garbitzaile. Diru askoko jendea zen eta seme-alabak oso gaizki heziak zituzten, halaxe esan nien beraiei, gainera. Dirudienez, ohituta daude jendea gaizki tratatzera, baina ni ez nengoen prest. Nahiago dut gosez hil ume batek horrela tratatzea baino. Ondoren, gurasoek barkamena eskatu zidaten eta gelditzeko erregutu zidaten, baina martxa egin nuen.
Jarraian, erizaintzako kurtso bat egin nuen. Bitartean, arrautza fabrika batean aritu nintzen. Hurrena, erresidentzia batean hasi nintzen lanean. 2004an gauez erresidentzian lanean aritzen nintzen eta egunez jatetxe bateko sukaldean. Horren ondoren, hona etorri nintzen nire osabaren eta Olgaren [Leibar, El Watan elkarteko kidea] bitartez.
Nola azaldu ezer ez dakien bati zer gertatu den, eta zer gertatzen den zuen herrian?
F.S: Egia esan, jende askok ez du ideiarik ere. Hasieratik orain artekoa kontatzea zaila da.
H.H: Herrialde guztiak bezala, gure eremua genuen, baina okupatua izan zen. Espainia 90 urte baino gehiago egon zen, baina lehenago portugaldarrak egon ziren, eta lehenago beste batzuk. Espainia joan zenean, Maroko sartu zen eta herria bitan zatitu zuten. Jende asko kartzelan sartu zuten eta jende asko hil. Fatimeturen aiton-amonak kartzelan hil ziren. Espainiak gauzak gaizki egiten zituen, baina Marokok okerrago. Horregatik, ihes egin genuen. Marokoarrek base militarra egin eta herri hau hiltzeko xedea zuten. Politikak, hitz egiteak, balio du herrialde indartsua baldin bazara. Ahula baldin bazara, zapataren azpian mantentzen zaituzte. Guk beti bakea nahi dugu, ez dugu gerrarik nahi; baina gerra ematen badigute gerrara joaten gara.
F.S: Gerraz kendutakoa gerraz berreskuratzen da. Hitz eginez ez da berreskuratzen, asko hitz egin dugu eta ez dugu ezer lortu.
H.H: Ez duzu inoiz ikusiko saharar familia bat osorik. Marokoarrek Lotsaren Harresia egin zutenean familia asko zatitu ziren. Batzuk kanpamentuetan, besteak lurralde okupatuetan, besteak kanpoan, besteak hilak… Familia saharar guztiek dituzte martiriak, guztiek.
F.S: Munduko bigarren harresirik luzeena zen gurea, orain lehenengoa, Berlinekoa bota baitzuten.
H.H: Berlinekoak, ordea, ez zituen bonbak inguruan, gureak bai. Hamar milioi bonba ipini zituzten harresi inguruan. Jendea ez bazuten hiltzen, animaliak akabatzen zituzten. Duela hilabete gutxi hil ziren lau pertsona. Animalien atzetik joaten dira eta bonba ugari daudenez, bertan hiltzen dira. Leku batzuetan bidetik apur bat ateraz gero bonbak lehertzen dira.
Duela aste batzuk Espainiak Marokoren esku utzi zuen Sahara. Nola hartu zenuten erabakia?
F.S: Sanchezen [Pedro, Espainiako Gobernuko presidentea] kontuaz ari zara?
H.H: Hori pertsona baten iritzia besterik ez da, hori ez da ezer.
F.S: Saharar auzia Nazio Batuen Erakundearen (NBE) esku dago. Espainia garrantzitsua da, baina alderdi gehiago daude, Argelia, besteak beste. Sanchezek bidalitako gutuna lotsagarria izan da guretzat. Berak ez du inolako eskubiderik NBEren esku dagoen auzi batean esku hartzeko. Nor da bera esateko ‘Sahara zuentzat da’? Berak eragin dezake iritzi publikoan, baina ezin dezake ezer aldatu. Ezin du ukatu Sahara Espainiak okupatutako herrialdea izan denik. Francok guztia hankaz gora utzi zuen Saharan, eta marokoarren esku utzi zuen; hori guztia ezin du ukatu Sanchezek. Espainia zuritzeko estrategia bat izan da. Zu Espainiako presidentea zara, beraz, zure herriaz hitz egin dezakezu, ez beste herri batetaz. Iritzia besterik ezin dezake eman gure herriaz, ez da pertsona egokia gure auziaz hitz egiteko. Marokorekin eginiko azpijokoa izan da, Ceuta eta Melilla lasai uzteko eta dirua irabazteko.
NBEk %50 janari gutxiago bidaliko du kanpalekuetara Ukrainako gerragatik. Nolako eragina edukiko du horrek?
F.S: Seguru gerra horrek gauzak zailduko dituela, baita COVIDak ere, baina, egiari zor, laguntza krisiaz geroztik oso txikia da. Aspalditik doa murrizten. Janaria eta beharrezko gauzak beti ematen dizkigun herrialdea Argelia da. Europatik bidaltzen dena arrunt gutxi da. Duela urte batzuk, Gipuzkoatik 5-6 kamioi irteten ziren; orain kamioi bat besterik ez da irteten. Beraz, oraintxe bertan, pertsona bati hilabete batean arroz kilo bat besterik ez zaio tokatzen, edo olio litro bat. Zorionez, han jendeak asko laguntzen dio elkarri. Gainera, hemen dagoen gure gisako jendeak ere asko laguntzen du; ahal dugun guztia bidaltzen dugu.
Zein da saharar herriaren helburua?
F.S: Independentzia, hori oso argi dago. Guk ez dugu zertan basamortuan egon, ezin da bizi. Udan 50 gradu eta neguan hotz gaitza. Polisarioa aurretik inor iritsi ez zen lekura iritsi zen. Basamortuan herrialde bat sortu zuten. Bertatik jende on asko irten da, medikuak, abokatuak, kazetariak, intelektualak… Hori ikaragarria da. Zerotik sortzea eskolak, ospitaleak… Aurrerapen handia eduki dugu, baina guk ez dugu nahi horrela egon betirako. Noski, hemen eserita nagoelako esan dezaket hori. Hangoek, aurrerapena nahi dute kanpamentuetan. Ez dakit, honek urte asko iraungo dituela ikusten dut. Baina, noski, ezin daiteke jendea ezer gabe utzi.
Helburua lortzeko esperantzarik baduzue?
F.S: Bai. Gure lehen gerra geratu zuten, eta tranpa bat egin zuten erreferendumarekin. Marokoarrek uste dute sahararrak ongi tratatuz gero, egun batean, egin litekeen erreferendumean haien alde egingo dutela. Ikusi zutenean sahararrak kausaren alde zeudela eta erreferenduma galdu egingo zutela, tranpa egin eta ez zuten erreferendumik egin.
Baten batek zuen herria lagundu nahi badu, nola egin dezake?
F.S: Hemengo elkarteekin hitz egin behar luke, adibidez, El Watan elkartearekin. Haiek emango diote laguntzeko aukera eta modua. Aukera ugari daude.
Duela urte gutxi haur ugari etortzen ziren udan Oiartzunera. Aurten bat ere ez.
F.S: Hala da bai, pena ikaragarria ematen dit. Bost heldu dira Pasai Donibanera. Hona asko etortzen ziren duela urte gutxi. Orain ez da inor etortzen, pena handia ematen dit. COVIDagatik ez ziren etorri, baina orain etor daitezke eta ez dago harrera familiarik. Haurrek ez dute ongi jatea, dutxatzea, garbitzea eta uda bat 50 gradutan egon gabe pasatzea besterik behar. Arropa apur bat eman behar diezu, baina zenbat balio dizu bada horrek? Kamisetek eta galtzek bi euro balio dute-eta. Niri ez didatelako uzten inor ekartzen, sahararra naizelako, bestela, bi hartuko nituzke udararo. Janaria berdin-berdin prestatuko duzu haurra egon ala ez. Nik uste jendeari beldurra ematen diola pentsatzeak gastu handia dela, denbora asko dela, baina, egiazki, basamortutik heldu den haur bati laguntzea besterik ez da. Gainera, hemen guztia antolatuta egoten da, El Watanek eta Oiartzungo Udalak dena antolatzen dute, goizetan udalekuetara joaten dira, igerilekura.. Haur asko ezagutzen ditut zerrendan daudenak, eta etorriko ez direnak harrera familiarik ez dagoelako.
Zer aldatu da zure bizitzan hona etorri zinenetik?
F.S: Han ezin nuen lanik egin, ezin nion inori lagundu, ezin nuen ezer egin. Hemen familiari lagundu diot: hona etortzen, hobeto bizitzen, haurrek ikas dezaten… Hori oso garrantzitsua da. Nire amari ere lagundu diot hemen sendagaiak eduki ditzan, han ez lituzke edukiko-eta. Era berean, han norbaitek zerbait behar badu beti laguntzen dut. Ez gara haietaz ahazten, beti bidaltzen dugu ahal duguna.
Nolako harrera herria da Oiartzun?
F.S: Hamazazpi urte daramatzat hemen, eta ezagutzen nauen jendeak oso ongi tratatzen nau, baina, beti esaten dut, nahiz hemen bizi osoa pasa, beti izango zarela kanpokoa. Hala ere, Espainiako beste lekuetan egon izan naiz, eta ez du ezer ikustekorik, euskaldunak oso onak izan dira beti gurekin. Beti arazoak edukitzen ditugu alokairuarekin, jendea ez da fidatzen kanpokoak izategatik. Guretzat lehena zorrak ordaintzea da, jatea baino lehenago. Ez dugu jango ordaindu arte. Baina jendeak beldur asko du, kanpokoa zarela jakitean atzera egiten dute.
Saharara itzultzea gustatuko litzaizueke?
F.S: Noski, Sahara libratzen den egunean itzuli egingo gara.