Gaur eman dituzte 'Berria Zabalik' kanpainako sariak
Amets Odriozolak eraman du norbanakoen 1.000 euroko saria, eta Alazne bitxidendak, Berriako 1.000 euroko bonua.
Berria egunkariak maiatzaren 10ean ‘Berria Zabalik’ kanpaina abiatu zuen Errenteria-Oreretan tokiko ekonomia biziberritzeko eta egunkariari ikusgaitasuna emateko helburuarekin. Hilabete geroago, kanpainak baditu irabazleak, eta gaur goizean iragarri dituzte herriko Arkaitza tabernan Itziar Ostolaza zinegotziak, Irati Azkue Berriako sustapen eta kanpo harremanetako arduradunak, Sergio Garcia Errenteria-Oreretako Kutxabankeko zuzendari ordeak, Maika Martin Errenkoaldeko presidenteak eta saridunek.
Alde batetik, Amets Odriozola izan da norbanako sariduna eta 1.000 euro izango ditu kanpainan parte hartu duten establezimenduen artean gastatzeko hiru hilabeteko epean. Bestalde, dendari eta ostalarien artean, Alazne bitxi denda izan da saritua. Komertzio horrek 1.000 euroko bonua izango du Berrian, paperezko eta webguneko edizioan publizitatea jartzeko.
Orotara, herriko 71 denda eta tabernek hartu dute parte Berriak antolatutako egitasmoan. Tokiko merkatariek harrera beroa egin diote Berriari eta hark abiatu duen kanpainari, eta euskaraz plazak irabazi ditu udalerrian. Sektoreei erreparatuz, 24 arropa eta osagarrien dendak izan dira; 14 osasuna eta edertasuna ardatz dituztenak; 12 janari dendak; 10 tabernak; 4 etxe apainketako dendak; 3 zerbitzuenak; 2 etxetresnen saltokiak eta 1 informatika eta liburu dendak. Horrez gain, 14.000 norbanakok bete dituzte erosketa aldian zozketan parte hartzeko txartelak. Ekainaren 6tik 14ra, herritarrek beste aukera bat izan dute herrian erosteko, eta kanpainaren oihartzunari esker, eskualdetik ere bertaratu dira herritarrak erosketak egitera.
Tokiko eragileen babesa
‘Berria Zabalik’ kanpainak tokiko eragileen erabateko babesa izan du. Errenteriako Udalak kanpaina babestu eta erraztasun guztiak eskaini dituela azaldu dute egunkaritik, kanpainaren baloiekin hasieratik bat eginez: euskara, tokiko ekonomia biziberritzea eta Errenteria-Oreretako biztanleen egunerokoan eragitea. Gainera, Errenkoalde merkatarien elkartea ere ondoan izan dutela baietsi dute, bazkideen arteko zubi lanak egiten eta merkatariei ahotsa ematen. Azkenik, Kutxabankek diruz babestu du kanpaina eta eskerrak eman nahi izan dizkiote.