Mende Kosteak
Tomateak hazteko eskuliburua eskatu zenidan, eta ekarri dizut. Lehen erabakia udaberrian hartu behar duzu: hazitik ala landaretik abiatzea. Ereitea hautatuz gero, lehenago hasi behar duzu. Denboraz larri zabiltzanez, hasi landaretik. Urte lasairen baterako, aski da aurreko urteko landare onenen haziak bildu, eguzkitan lehortu, eta udaberrian lur epeletan sartzea.
Tomatea landatzeko, berriz, lehenik lurra irauli, lehortzean aitzurraz landu, eta zulo sakona egin behar duzu. Landarea sartzerakoan bi eskuekin bildu lurra, tinko gera dadin, eta goitik beherako errenkaden artean harana osatu. Oinarria bakarrik busti ureztatzean, eta noizean behin tomatearen hazkuntza gidatu, alboko makilari lotuz. Bestelako zereginik ez denean, enborraren eta hostoen arteko muskilak kendu, zuhaixka adarkatu ez dadin. Eta, mesedez, zaindu amona mantangorriak, zorriak jaten izurriak kontrolatzen dituzte.
Tomateekin ausartuz gero, kasu eguraldiarekin. Ekaitz eraso batek guztia izorra dezake. Halaxe gertatu zaigu aurten. Zabarreren etorrerarekin batera heldu zen kazkabarra ere. Batzuek txupinazoa zuten buruan, besteok tomateak. Espero zitekeen? Bai. Espero behar nuen? Bai. Espero nuen? Ez! Aurreko urratsak egiteko lanak hartu ondoren, harria. Landareak koxkortzen ari zirenean, ezusteko malapartatua. Tomateez gain, ni ere gelditu nintzen lur jota.
Gerora ohartu naiz arazoa ez zela kazkabarra. Ezina ez datorrela izorratutako landareetatik, horiek zaintzeko denbora nekez lortzetik baizik. Asko bizi gara horrela, denbora zurrupatzen digute: herriko eragileetan pasatako orduek, lanean ongi aritzeko saiakerek, azken ikasgaiko idazlanek, festak inolako erasorik gabe ospatzeko bilerek… Nire kasuan, zutabe hau prestatzeko gogoetan aritutako uneek. Zure kasuan, agian, sarbide probetarako ikasketek.
Tontakeria dirudi, baina askotan txikikeriarik inozoenak ematen digu aditzera zer nolako zama daramagun gainean. Kazkabarrak tomate landarea txikitzea izan liteke, dantza emanaldirako edalontziaren gainean salto egin, eta hura lehertzea, edo parranda giroan edozein ezezagunekin eztabaidan amaitzea.
Tamalez, entzungor egin dizut, ez dizut ekarri lasai bizitzeko eskulibururik. Bai, ordea, lurra adina iraultzeko esaldi bat: Tapia eta Leturiaren Hik lan eta nik jai. Guztiok beteko bagenu, ez legoke jairik. Bitartean, gutxi batzuek eusten diote lanari besteek jai egin dezaten. Berdin mundu hobe baten alde borrokatzeko dinamiketan. Tomateak zaintzen adina disfrutatzen dugulako herria eraldatzen, izan daitezela Zabarreren etorrera arrakastatsua eta txosnaguneko giro aparta lezoarrak herriko eragileetan inplikatzeko gonbidapen.