Donibaneko kantina lizitatzeko "irizpide zorrotzak" eskatu ditu EH Bilduk
Udal gobernuak puntetako establezimenduaren kontratazio prozesua "inolako ingurumen irizpiderik gabe" abiatu izana gaitzetsi du koalizioak.
Pasaiako udal gobernuak Donibaneko puntetako kantinaren ustiapen publikoa lizitaziora atera du, eta kontratazio hori “inolako ingurumen irizpiderik zehaztu gabe” abiarazi izana gaitzetsi du oposizioko EH Bilduk. Hori horrela, prozesua bertan behera uzteko eskatu du koalizioak, harik eta baldintza horiek bermatu bitarte.
2018an lizitatu zen azkeneko aldiz establezimendua, eta harrezkeroztik zenbait kolektibo nahiz norbanako kexu direla eman dute aditzera bilkideek. Ezinegonak, nagusiki, bertan eskaintzen diren produktuen prezio altuekin eta ingurugiroari dagozkion gaiekin lotutakoak izan dira. “Batez ere erabilera bakarreko ontziak erabiltzen dituztelako eta hondakinen bereizketa ezegokia egin izan dutelako”, zehaztu dute alderditik.
Testuinguru horretan, eta PSE-EE eta EAJren gobernuak joan den hil honen 8an kontratazio prozesu berria “inolako ingurumen irizpiderik gabe” abiatu izanaren aurrean, EH Bilduk prozesua eten eta ingurumenari loturiko “irizpide zorrotzekin” kontratazio baldintza berriak ateratzea nahi du.
Sektore Publikoko Kontratuen Legearen arabera, derrigorrezkoa da ingurugiro baldintzak kontratu publiko guztietan ezartzea. Beraz, kantinaren ustiapen-pleguetan erabilera bakarreko ontziak saihestea eta hondakinak bereiztearen betebeharra dela ekarri du gogora alderdiak. “Onartezina da, gainera, hornidura garbitzeko eta hondakinak bereizteko erabat ekipaturik dagoen kantinan erabilera bakarreko ontziak erabiltzen jarraitzea”.