Errenteriako pala taldea, txapeldun Herriartekoan
Herriko palistak 2-0 nagusitu ziren finalean Andoainen aurka, eta 27 urteren ondoren berriz lortu dute txapelketa bereganatzea.
Errenteriako pala taldea Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketako txapeldun izendatu zen larunbatean Andoaingo palistak menpean hartu ondoren. 27 urte igaro dira Errenteriako pala taldeak irabazi zuen azken Herriartekoaz, eta 1995etik etengabeko borrokan izan dira txapelketa eskuratzeko. Garai hartan momentu bikaina bizi zuten, 1991tik 1995era bost txapelketa jarraian irabazi zituztelako, baina titulurik lortu gabe igaro duten denbora epea luzeegia izan da. Urte askoz saiatzen egon ondoren, merezitako saria lortu zuten herriko palistek.
Herriartekoaren garaipena larunbatean lortu zuten Olaberriako Udal pilotalekuan Andoaingo taldea garaituta. Errenteriako taldeak 2-0 irabazi zien aurkariei, herriko pilotariek jokatu zituzten bi norgehiagokak poltsikoratu baitzituzten. Larruzko paletan, Eskisabelek eta Rubenek 35-27 irabazi zuten Andoaingo Iradiren eta Ponceren kontra. Bestalde, pala motzean, Yorelek eta Abelek Andoaingo Altunaren eta Rekalderen aurka nagusitu ziren, 40-33. Herriko lau palistak bikain aritu ziren, eta osatu duten txapelketa bikaina biribildu zuten larunbatean txapelak eskuratuta.
Horrez gain, Errenteriako eta Andoaingo palistek krepe beltzekin jokatu zuten finala Javier Ormaetxea EPLEko zuzendariaren oroimenez, duela gutxi zendu baitzen.
Zuloaga Memoriala, gaurtik aurrera
Pandemiak bi urtez eten ondoren, bueltan da J.A. Zuloagaren Eskuzko Pilotaren XXVI. Memoriala. Txapelketa gaur hasiko da, eta partidak Agustina Otaola pilotalekuan jokatuko dira. Errenteria-Oreretako Alkartasuna eta Ondarra elkarteek antolatzen duten memorialean bost mailetako pilotariek lehiatuko dute: kimuak, infantilak, kadeteak, promesak eta elitekoak.
Txapelketa gaur hasi eta uztailaren 22ra arte luzatuko da. Kimuen, infantilen eta kadeteen finalak uztailaren 16an jokatuko dira: eta promesenak eta elitekoenak, berriz, Madalen egunean, aipatutako uztailaren 22an.
Memorialean 80 pilotari ariko dira guztira, Gipuzkoatik, Arabatik, Bizkaitik, Nafarroatik eta Errioxatik etorritakoak. Txapelketaren egiturari dagokionez, kanporaketa bidezkoa izango da, eta pilotariak final laurdenetan hasiko dira.
Honakoa da txapelketako lehen asteko partiden zerrenda:
Astelehena, hilak 20, 19:00etan:
- Kimuak: Ansola-Urrestilla / Sagastibeltza-Igartemendia
- Kimuak: Landa-E. Ormazabal / Rekalde-Garcia
Asteartea, hilak 21, 19:00etan:
- Kimuak: Arsuaga-I. Ormzabal / Iparragirre-Zufiria
- Infantilak: Salaberria-Salaberria / Otaegi-Artetxe
Osteguna, hilak 23, 19:00etan:
- Kadeteak: Egurrola-Calvo / Ibai-Apeztegia
- Promesak: Hormaetxe-Iztueta / Olaetxea-Cuiaran