Lehen kolpea, Hondarribiarena
ETE Ligako lehen estropada Hondarribiarentzat izan da, Pasaian. Hibaika hirugarrena izan da, bigarrenetik arnas batera.
ETE Ligako lehen jardunaldia izan zen jokoan atzo Pasaiako badian, Hernani Arraun Elkarteak antolatutakoa. Hondarribiak irabazi zuen bandera nagusitasunez. Hirugarren Hibaika izan zen Deustoren bigarren postutik 67 ehunekora. Beraz, Oarso Bidasoko traineruek gogor hasi dute ETE Liga, EuskoTren helburu.
Lehen txandan atera zen Hondarribia. Castro eta Hernani antolatzailea izan zituen alboan. Hasiera-hasieratik aurrea hartu zuten berdeek, lehen ziabogan jada segundo mordoskako aldea zuten, bigarrenean areago joan zen aldea, eta jada bukaeran 32 segundoko aldea atera zioten txandako bigarren izan zen Hernaniri. Hondarribiaren erreferentziak beste bi txandetan zeuden.
Bigarren txandan atera sen Hibaika, Ondarroarekin eta Zumaiarekin. Txanda irabazi zuten oreretarrek, baina lehen zein bigarren ziabogan ondo-ondoan izan zuten Ondarroa. Azken luze oso ikusgarri baten ondorioz, bukaeran 10 segundoko aldea atera zioten Madalen ontzikoek bizkaitarrei. Askoz atzerago gelditu zen Zumaia. Bigarren txanda hori bukatuta, sailkapen nagusian lehena zen Hondarribia, eta bigarrena Hibaika.
Baina hirugarren txandan Deusto zegoen. Oso erraz irabazi zuen bere zatia, eta Hondarribiaren denbora gainditzerik izan ez arren, Hibaikarena 67 ehunekogatik hobetu zuen. Oarso Bidasoko bi traineruen artean sartu ziren bizkaitarrak, bigarren postua eskuratuz.
Lehena egina. Sailkapen nagusian Hondarribia lider, eta Hibaika hirugarren. Traza ona du sasoiak.
Sailkapen nagusia
- 1. Hondarribia 11.21.62
- 2. Deusto 11.30.97
- 3. Hibaika 11.31.62
- 4. Ondarroa 11.41.61
- 5. Hernani 11.53.06
- 6. Zarautz 11.56.97
- 7. Zumaia 12.02.33
- 8. Castro 12.11.37
- 9. Portugalete 13.13.00