San Joan bezperako Urdiaingo Kantaia berreskuratuko da
Bi urteko etenaldiaren ondoren, bueltan da udako solstizioari ongi etorria emateko emanaldia. 22:00etan hasiko da, Herriko plazan.
Pandemiak bi urtez eten ondoren, Iraultza Dantza Taldeak berriro berreskuratuko du Urdiaingo Kantaia udako solstizioari ongi etorria emateko. Iraultzak 1994tik urtero San Joan bezperan egiten duen kantaia berriro egingo du ostegunean, hilak 23, 22:00etan, Herriko plazan.
Urdiaingo Kantaia erritu pagano-erlijiosoa da, eta emakumeak dira emanaldiaren protagonista bakarrak. Parte hartzen duten emakume horiek bi gona janzten dituzte, bigarrena buruari lotuta, soilik aurpegia bistan utzita. Eskuetatik helduta borobila osatzen dute, eta, orduan, 29 bertsoz osatutako San Joan gaueko kantua abesten dute, eskuekin erritmoa jarraituta. San Joan gaua, natura, erlijioa eta uztak aipatzen dira kantu horietan.
Urdiaingo Kantaia San Joan bezperan egin izan da beti, udako solstizioan, urtarorako eguraldi ona eta uzta oparoak izan zitezen eskatzeko. Horretarako, emanaldiaren bukaeran, konjurua botatzen da: ‘Orain arte behar hemendik aurrera gari’.
Urdiaingo Kantaia interpretatzearen ohitura Jose Mari Satrustegi etnografoak berreskuratu zuen, eta Iraultza Dantza Taldeari irakatsi zion. Hori dela eta, 1994az geroztik, Errenteria-Oreretako Herriko plazan egiten da San Joan bezperaren gauean.