Astelehenean Irisgarritasun Planaren saio publikoa egingo dute
Hitzordua arratsaldeko 18:00etan finkatu dute, Xenpelar kaleko Reina Aretoan. Herritarrek proposamenak egiteko aukera izango dute.
Aita Donostin bi igogailu berri eraikiko ditu udalak, urrirako. Datorren astelehenean, ekainaren 27an, Errenteriako Udalak Irisgarritasun Plana berritzeko lanen inguruko saio publikoa egingo du. Horrela, herritarrei prozesuan ekarpenak egiteko aukera eskainiko die udalak. Hitzordua arratsaldeko 18:00etan finkatu dute, Xenpelar kaleko Reina aretoan. Izan ere, Errenteriako Udala Udalerriko Irisgarritasun Plana eguneratzeko lanak bukatzen ari da eta, ondo bidean, berritzerakoan Errenteriako irisgarritasunaren egoera ebaluatuko du planak.
Planak hainbat ardatz hartu ditu kontutan. Esaterako, hiri-inguruneak, espazio publikoak udal-eraikinak, garraio publikoa edota informazio-sistemak egokitzea ditu helburu. Dena den, Udalerriko lehen Irisgarritasun Plana 2003. urtean onartu zen, eta 2011an berrikusi. Ordutik, udalak zenbait igogailu, ibilbide irisgarri zein zati altuenetara konexioak hobetu ditu. Hala, zenbait igogailu sortu dira (Apeadero kalea, Parke-Urdaburu, Alaberga…), baita arrapalak eraiki ere (Zabaleta Anaiak, Jaizkibel kalea, Santa Klara…).
