[Elkarrizketa] «LGTBI siglen atzean dauden errealitateei erantzuteko garaia da»
«Gogo onez» hartu du ekintza plana herriko LGTBI+ kolektiboak. Prozesuan eman den lankidetza jarri du balioan oreretarrak: «Bide polit bat zabaltzen ari gara, eta askotarikoa izaten ari da».
Lehenik eta behin, nola jaso duzue ekintza plana ?
Ongi jaso dugu, hau sekuentzia baten urrats logiko bezala datorrelako. Gogo onez hartu dugu, nik neuk pertsonalki, eta baita ere LGTBI+ Mahaia eratzen dugun norbanakoek.
Aspaldian egindako eskaeretako bat da.
Beharrezko pausoa izan da, bai. LGTBI+ politikak iraganean antolatu izan dira nazio mailan, baina herri mailan oso gutxi egin da. Azken hamarkadetan euskara edo berdintasunarekin egin den bezalaxe, logika horretan sortzen da, behar batetik. Momentua da prozesu hauek sustatzeko eta sistematizatzeko, hitz gakoa iruditzen zait azken hori. Legealdi bakoitzean gobernuan dagoena dagoela ere, adostasun zabalez onartutako plana da. Beste gauza askotan ez dira ados jarriko segur aski, baina gai hauetan bai. Udal mailan LTGBI siglen atzean dauden errealitateei erantzuten hasteko garaia da. 2019ko diagnostikoan premia asko atzeman ziren, eta horiei guztiei erantzutera dator plana.
Nolakoa izan da prozesua kolektiboko kideentzako?
Primeran joan da, lankidetza hitzari balioa eman nahiko nioke bereziki. Gizarte mugimendu batek eskaera bat egiten dio instituzio publiko bati, honek asumitu egiten du, eta baliabideak jartzen ditu horretarako, profesionalak, eta gainera modu parte hartzailean. Politikariak ere hor daude. Maila ezberdinen arteko lankidetza izan da. Adostasunetan jarduteko aukera ematen dute gai hauek.
Gero, prozesuan bidelagun mordoa topatu ditugu, jende ona. Eiherako kideek arretaz egin dute haien lana, ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, ez baita lan erraza. Jende oso profesionala da, eskertzekoa da nola entzun eta tratatu gaituzten. Elkarrizketetan gauza asko atera dira, oso interesgarriak.
Asebeteta planean jasotako ekintzekin?
Bai, paperak denari eusten dio, itxura ona du, baina egikaritzea falta da. Zentzu horretan gu hor egongo gara, egingo dela bermatzeko. Sortuko duten kontseilu horretan parte hartuko dugu, eta hori ahalik eta anitzena izatea ere bermatzea dagokigu. Prozesu ilusionagarria da, eta momentu oso polita. Askotariko jendea gaude. Emakumeen Etxeko aurkezpenean denetik geunden, gazte asanbladakoak, kolektibokoak, norbanakoak… Eta ederra da hori. Bide polit bat irekitzen ari gara, eta askotarikoa izaten ari da gainera, horrela behar du izan. Bestela zerbaitetan ez ginen ondo ariko.
Ohartu gara gaiarekin sentsibilizazio handia duen jende asko dagoela herrian. Proposamen asko jaso ditugu azkenaldian, aliantza oso politak egiten ari gara. Eta bitartean ikusten ari gara ultraeskuindarrak nola azaleratzen ari diren. Mahai bezala ere hiru urte hauetan momentu eta gauza gogorrak bizi behar izan ditugu, tamalez. Hori kudeatu eta horri bira emateko erremintak behar ditugu, eta zorionez gero eta gehiago dira LGTBI begirada euren ekintza eta ekitaldietan txertatzen hasi direnak. Herri honen DNAk badu hori, eta pozgarria da