[Erreportajea] Aske bizitzea, udal agendara
Errenteriako Udalak LGTBI+ ekintza plana kaleratu du, «kolektiboaren bizi baldintzak hobetzeko» asmoz. Haien eskaerei erantzuteko dozenaka ekintza adostu dituzte «mugarri» den proiektu honetan.
Azken hamarkadetako kaleko borrokak eta aldarrikapenek udalerriko politikaren egunerokoan txoko bat egitea lortu dute Errenteria-Oreretako LGTBI+ kolektiboko kideek. Udalak pauso garrantzitsua eman berri baitu kolektiboaren bizi baldintzak «benetan» hobetzeko. Aspaldian egindako eskaera bati erantzun dio erakundeak. LGTBI+ ekintza plana aurkeztu berri dute, eta «geratzeko etorri den» proiektua dela kontatu dio Hitza-ri prozesua gidatu duen Eihera Koop. Txikiko Laura Muelasek.
2019an herriko LGTBI+ pertsonen gaineko diagnostikoa aurkeztu zuen udalak, eta bertan proposatutako ekintzetatik abiatuta egin dute plan berri hori, «hetero arauetan zentratzen ez diren politika publikoak garatzeko» konpromisoa hartu baitzuen udalak orduan, hori azaldu du Iñaki Queralt udaleko LGTBI+ politiken zinegotziak. Kolektiboaren eskaera batetik heldu zen orduko diagnostikoa, eta oraingo plana ere haien eskaerei eta beharrei erantzuteko egin dute.
Azken hilabeteetan herriko LGTBI+ pertsonekin eta eragileekin ukondoz ukondo aritu dira udaleko LGTBI+ mahaia (herriko norbanakoek eta udaleko ordezkariek osatzen dute) eta Eihera kooperatiba. «Herriko LGTBI+ pertsona asko elkarrizketatu ditugu. Helburua da haiek egindako eskaera horiek ekintza edo politika zuzenetan bilakatzea. Benetan haien bizi baldintzak hobetzeko ekintza egingarriak egiteko erreminta bat sortzea izan da asmoa», kontatu du Muelasek.
Hilabete askoko lanaren ondoren, solasaldi horietan jasotako guztia hainbat helburu eta azpi-helburutan laburbildu dute. Lehen helburu bezala, LGTBI+ pertsonen ikusgarritasuna eta errekonozimendua lortzea du ekintza planak. Zentzu horretan LGTBI+ pertsonen errealitateak ikusarazteko neurri ugari bultzatzea adostu dute, «pertsona bakoitzak nahi duen moduan bizitzeko eta esperimentatzeko askatasuna izan dezan». LGTBI+ pertsonen bizi baldintza sozialak, materialak eta emozionalak, indarkeriarik gabe bizi daitezen bermatzea edota sozializazioa, zaintzak eta parte hartze komunitarioa sustatzea ere jaso dute dokumentu horretan.
Helburu horiek guztiak egikaritzeko zortzi lan ildo zehaztu dituzte, eta horietan jasotako ekintzak, Queralten arabera, «modu transbertsalean eta dinamikoan» eragingo diete definitutako helburu zehatzei.
Ez da halako ekintza planik egin orain arte Euskal Herrian, hori nabarmendu nahi izan dute biek. «Beharrezkoak dira horrelako proiektuak. Hutsune pila bat daude LGTBI+ mugimenduaren inguruan. Orain arte ez da egon horrelako borondate politikorik. Benetako aldaketa suposatuko duen proiektua dela uste dut. Ekintza errealistak dira, egin daitezkeenak, eta garrantzitsuak kolektiboarentzako», erantsi du Eiherako kideak.
Queraltentzat proiektua «mugarria» da. «Diagnostikoa ere ikaragarria izan zen bere garaian, baina honek garrantzi handiagoa dauka. Gure legea hemendik aurrera benetan bizitzak aldatuko dituen tresna bat izango da».
Eiherako kideak azaldu du plan horretan 40tik gora ekintza adostu dituztela, eta hiru epeetan banatu dituztela, epe motzekoak, ertainekoak eta luzekoak. «Denak oso garrantzitsuak» direla dio Queraltek, harro. Dokumentuan zerrendatutako ekintza horiez gainera, datozen hil eta urteetan gehiago egiteko aukera badagoela gaineratu du zinegotziak.
«Bermea du planak»
Epe laburrera egingarria den ekintzetako bat, eta «garrantzitsuena» Queralten ustez, LGTBI+ Kontseiluaren sorrera izango da. «Udaleko beste esparruetan dauden kontseiluen forma bera izango du. Orain arteko LGTBI+ mahai hori de facto kontseilu bat izan da, eta orain forma juridikoa eman behar diogu horri. Eskumena izango du politikak egiteko, planean adostutako ekintzak egikaritzeko», azaldu du.
Kontseilu hori izango da, Queraltek zehaztu duen bezala, ekintza guztiak aurrera ateratzeko «garantea». Izan ere, udal hauteskundeetarako urtebete falta den honetan, kolektiboak kezka agertu du, balizko udal gobernu aldaketa batekin, planak aldaketarik jasateko arriskua ikusi baitute herriko norbanako eta eragileek. Baina zinegotziak hitz eman du, talde guztien izenean, udalean aldaketarik balego ere, bermeak dituen proiektua dela. «Alderdi guztien oniritzia jaso du dokumentuak, beraz, aurrera jarraitzeko bermeak ditu. Kontseilu horrek bermatuko du planean adostutako bide orri hori benetan egiten dela, hemen idatzitakoa benetan egiten dela», gaineratu du.
Halere, zinegotziak aitortu du legediaren aldetik «nahiko umezurtz» daudela oraindik: «Estatuan oso gutxi dago garatuta gai hau, horregatik da beharrezkoa kontseiluaren figura hori, berme juridiko hori emango baitu, funtsezkoa izango da».
Epe laburrera begira egingo duten beste ekintza garrantzitsuetako bat beka baten sorrera izango dela kontatu du Queraltek, «memoria berreskuratzeko» helburua izango duena. 15.000 euroko beka izango da, ikerketarako, eta udalaren asmoa da udazkenean martxan jartzea.
Urtea bukatu aurretik aholkularitza zerbitzu bat abiatzea ere dute xede, hori ere bada epe laburrera begirako ekintza nagusietako bat. «Bereziki trans pertsonei begirako zerbitzua izango da, prozesuan zehar laguntzeko. Emakumeen Etxetik eramango da», zehaztu du zinegotziak.
Ekintza plana osorik ikusteko interesa dutenek, lotura honetan dute eskuragarri.