Lezoko Gure Eskuk, motorrak bero Pirinioetako Biderako
Datozen egunetan mahaiak jarriko dituzte herrian uztailaren 2ko argiztatze ariketa erraldoian herritarrek izena eman dezaten.
Gure Eskuk makineria guztia martxan du uztailaren 2rako, Pirinioetako Bidea egitasmorako. Lezoko lantaldeak asteak daramatza iniziatibaren gainekoak herrian lantzen, eta horiei azken bultzada emateko hainbat hitzordu zehaztu ditu.
Batetik, uztailaren 2ko mendi-argitze erraldoian parte hartu nahi dutenentzat izena emateko (eta informazioa zabaltzeko, nahiz materiala saltzeko) mahaiak jarriko dituzte datozen egunetan herrian. Aldi berean, lezoarrei Jaizkibel mendian dagokien tokira eramateko autobusak jarriko dituzte, eta horietarako ere eman daiteke izena mahai horietan. Honakoak dira datak (Karlos Saldise plazan jarriko dituzte mahaiak, bidearen ertzean):
- Hilak 26, igandea: 11:00etatik 13:00etara.
- Hilak 27, astelehena: 18:00etatik 20:00etara.
- Hilak 28, asteartea: 17:30etik 19:30era.
- Hilak 30, osteguna: 17:30etik 20:30era.
- Uztailak 1, ostirala: 18:00etatik 20:00etara.
Uztailaren 2rako xehetasunak
Lezoarrei, Jaizkibel mendiaren begiratokiaren ingurua (mendiaren tontorretik Hotel Parador zenera) tokatzen zaie argitzea, gutxi gorabehera 1,7 kilometroko zatian. Hara zuzenean joateko autobusak antolatu dituzte: autobus horien irteera 18:30ean izango da, kioskotik (Sotxo tabernaren paretik). Mahaiez gain, Sotxon, Txingurrin eta Tiñelun daude jarrita zerrendak autobus horiek erabili nahi dituztenentzat (borondatearen truk erabil daitezke).
Bestalde, autoz ere joan daiteke lezoarrei dagokien eremura, autoa Guadalupeko aparkalekuan utzita (240 plaza dauzka). Aukera horren alde egingo dutenei eskatu diete auto horiek beteta joan daitezela, ibilgailu bakoitzaren edukiera gaitasuna baliatzeko, eta ahalik eta auto gutxien erabil daitezen Jaizkibelera igotzeko. Guadalupeko parkinetik begiratokira joateko ere lanzadera moduko autobusak izango dira.
Lezoarrez gain, Donostiako, Antxoko, Donibaneko, San Pedroko, Trintxerpeko eta Hondarribiko herritarrak izango dira Jaizkibel argitzen.