Gero eta gutxiago falta da 2022ko Madalenetarako
Aurten jaiak ohi bezala ospatu ahalko dira, eta Errenteriako Jai Batzordeak egitarau zabala osatu du: 110 ekintzatik gora antolatu dituzte.
Hilabete eskas falta da aurtengo Madalenetarako, eta Errenteriako Jai Batzordeak jaien lehen xehetasunak eman ditu. Bi urteko etenaren ondoren, aurtengo jaietarako askotariko ekintzak prestatu dituzte: erakusketak, dantza, antzerkia, lehiaketa eta dastaketa gastronomikoak eta kirol jarduerak, besteak beste. Guztira, 110 ekintza baino gehiago izango dira, horietatik 25 musika emanaldiak. Uztailaren 21 arratsaldean emango zaie hasiera ofiziala jaiei, Herriko Plazatik jaurtiko den txupinazoarekin.
Dena den, txupinazoaren aurretik Herri Bazkaria egingo da Herriko Plazan. Tiketak ekainaren 27tik aurrera egongo dira salgai Reyna tabernan eta Xera Gastrotekan, eta 16 euroko kostua izango dute helduentzat eta 10 eurokoa haurrentzat. Menu beganoa nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute behin tiketak erosita kultura@errenteria.eus helbidera. Horrez gain, Madalenetako zapiak ere astelehenetik aurrera jarriko dira salgai, 6 euroan.