Oiartzuarrez bete nahi dute Atano III pilotalekua bihar
Bihar (hilak 24) Eskuz Binakako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final handiak jokatuko dituzte Oiartzungo kadete, jubenil eta nagusiek, Donostian. Iazko arantza kentzera aterako dira kantxara.
Biharkoa egun handia izan daiteke herriko pilotarientzat, Eskuz Binakako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final handiak jokatuko baitituzte oiartzuarrek, Donostiako Atano III pilotalekuan. Kadete, jubenil eta nagusiek gipuzkoar onenak izateko lehia bizia izango dute, beste behin, Azpeitikoen kontra. Izan ere, 2017ko eta iazko finaletan ere azpeitiarrak izan zituzten aurkari herrikoek, eta bietan, tamalez, kale egin zuten oiartzuarrek. Arantza hori kentzera aterako dira kantxara.
Biharkoa Oiartzunek jokatuko duen bosgarren finala izango da. Partaide izan den 38 edizioetatik behin izan da txapeldun (2013an irabazi zuen txapelketa), beraz, bihar bigarren txapelketa herrira ekartzeko aukera izango dute.
Partida bereziak izanik, inoiz baino gehiago, babesa behar dute herriko pilotariek, biharko partidetara joateko deia egin diete oiartzuarrei.
Oraindik sarrerak eskura daitezke, Madalensoron eta Tolaita eta Miren tabernetan. Kantxako txartelak 10 euroko prezioa izango du, harmailetakoak berriz, 5 eurokoa.