Bueltan da Piztu Lezoren 3x3 saskibaloi txapelketa
Tiñelun eta Jaizkibelen eman behar da izena. Bestalde, hilaren 28rako beisbol partida antolatu du Lezoko eragileak.
Iristear da Piztu Lezoren hiru kideko taldeen saskibaloi txapelketa, 3×3 IV. Txapelketa Herrikoia alegia. Uztailaren 4an, 6an, 13an eta 15ean jokatuko dituzte partidak Lezotarra tabernaren ondoan dagoen saskian, arratsaldez. Beraz, udako arratsalde horietan izango dute zer egin, izerditzen, herriko gazteek zein hain gazte ez direnek. Aurrerago emango dute egutegi zehatza antolatzaileek, behin taldeak osatzen direnean.
Izen emateetan berritasuna dago lehiaren laugarren ekitaldi honetan. Izan ere, hiruko taldeak blokean apuntatzeko aukera izateaz gain, jokatu nahi dutenek banaka eman dezakete izena. Horrela, euren kabuz izena eman duten horien artean hiru kideko taldeak osatzeko zozketa egingo lukete antolatzaileek txapelketa hasi aurretik.
Era batera edo bestera izena emateko bi zerrenda jarri dituzte Piztu Lezokoek. Tiñelun eta Jaizkibelen daude. Interesdunek hilaren 29ra arteko epea dute saskibaloi txapelketa herrikoian izan nahi dutela jakinarazteko.
Beisbol partida
Kirolarekin jarraituz, beste proposamen bat landu du Piztu Lezok. Izan ere, beisbol partida antolatu dute hilaren 28rako Pisbe auzoan. 19:00etarako antolatu dute lehiarik gabekoa izan nahi duen juntadizoa, herri giroan eragin nahi duena. Udako ekintzen artean kokatu du herriko eragileak partida, eta egiten duten hirugarren urtea da. Nahi duen orok parte har dezake. Pizgarria du, gainera, partida ondorenak: parte hartzaileei afari-merienda emango diete.
