Añarbeko flora fungikoaren azterketa berri bat egingo dute
Errenteriako Udalak eta Aranzadi Elkarteak 2007an egindako ikerketari jarraipena emango diote, onddoen aberastasuna eta bizi baldintzak nolakoak diren ezagutzeko.
Añarbeko basoa Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan kokatzen den 1.000 hektareako lur eremu zabala da, Donostia eta Errenteria-Oreretako lurretan dagoena. 2009an, Añarbe Erreserba-Eremu gisa aitortzeko eskaera egin zuten bi herriek, bertako lur eremu guztiak babesteko helburuarekin.
Erreserba-Eremuko basoak egoera onean mantendu dira azken urteetan, eta bioaniztasunari dagokionez, milaka bizidunen gotorlekua osatzen duen ingurune naturala da. Bizidun horien artean onddoen erresuma da garrantzia handienetakoa duena. Onddoak baso ekosistemak osasuntsu eta martxan dituzten izaki bizidunak dira, eta Añarbek gaur egun duen egoera, eta bere etorkizuna hobetzeko eta ezagutzeko, ezinbestekoa da bertako onddoen aberastasuna jakitea eta bizidun horien baldintzak nolakoak diren jakitea.
Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Sailak eta Errenteriako Udalak 2007. urtean Añarbeko onddoez egin zen ikerketari jarraipena eman nahi diote. Abiatuko den ikerketa berria 2022ko udan hasi eta urte bukaera arte luzatuko da. Lan horrek Añarbeko mikrofloraren ezagutza handitzen lagunduko du, bertan bizi diren espezieak kontuan hartuta, datu berriak lortuko dira eta Euskadiko mikologiaren geografia hobeto ezagutzen lagunduko du.
Kontserbazioaren aldetik, Añarbek duen onddo espezie bioindikatzaile zein mehatxatuen jarraipena egingo da. Horrez gain, habitaten eta espezieen arteko gaur egungo egoera zein den aztertu eta egingo diren kontserbazio lanentzako datu aberasgarriak lortzea du helburu, Añarbeko erreserbaren etorkizunari begira.
Honakoak dira proiektuaren helburu orokorrak:
- Añarbeko habitat garrantzitsuen zein bertako landare baskularren onddo makromizeto, mikromizeto eta onddo likenizatuak aztertu eta katalogatzea.
- Kontserbazioaren ikuspuntutik espezie indikatzaileak eta mehatxatuak aztertzea, ebaluatzea eta jarraipen bat eramatea, Europako espezie mehatxatuen lista gorriarekin kontrastatuz.