PSE-EEk balorazio "gazi-gozoa" egin du Lekuonaren lehen urteurrenean
Gunea funtzionamenduan egoteaz "pozik" badaude ere, eskaintzen duten programazioan "hutsuneak" daudela zehaztu dute.
Urtebete igaro da dagoeneko Lekuona Fabrikak ateak lehengoz ireki zituenetik, eta lehen urte horren balorazioa egin dute gaur goizean eraikinaren kanpoaldean Errenteria-Oreretako PSE-EEko kide diren Isaac Palencia bozeramaileak eta Montse Luis zinegotziak.
Alderdi sozialistako kideak “kontent” dira Lekuona martxan egoteaz, haientzako espazio “garrantzitsua” baita, proiektuaren “partaide” izan direlako azken hamar urteetan. Dena den, inaugurazioaren lehen urteurrenean egiten duten balorazioa “gazi-gozoa” dela azaldu du Palenciak, “Gipuzkoan erreferente bihurtuko zen gune kulturala izatetik urrun” geratu, eta proiektua “anbizio gutxikoa” izan delako. Horrez gain, herritarren, elkarteen eta enpresa pribatuen “kexa” ugari jaso dituztela salatu dute, “udalak Lekuonan eskaintzen duen programazioa urria” baita.
Palenciaren esanetan, Lekuona herrian zeuden “kultura esparruko hutsuneak betetzeko” eraiki zen, “Gipuzkoan erreferente bilakatzeko asmoa” izango zuena. Bozeramaileak nabarmendu du sozialistek urte luzez “esfortzu handiak” egin dituztela herritarrek egun duten gune kulturalaz “gozatzeko”, eta esparru horretan egin duten lanarekin “asebeteta” azaldu dira.
Hori dela eta, “ez dute ulertzen” egun udaletxeak eskaintzen duen programazioa “urria” izatea. Sozialisten hitzetan, “udalerriko erakundeak dira, zailtasun askorekin, emanaldi gehienak proposatzen” dituztenak. Programazio “urri” horrek , gainera, “asteburu askotan itxita” egotea dakarrela nabarmendu du Palenciak, jakinda Lekuonak “hiru emanaldi jaso ditzakeela momentu berean”. Horregatik, sozialistek “kultura emanaldi gehiago antolatzea” eskatu diote udalari, eta helburu hori lortzeko, “programazioa areagotzeko iniziatiba ugari” proposatu dituztela baietsi dute, udal gobernuak “ukatu” dituenak.
Programazioaz gain, Lekuonaren beste “arazo nagusi” bat “komunikazio eskasarena” dela erantsi du Palenciak: “Tankera horretako eraikin kultural batek bere ezaugarriak eta programazioa webgune propio batean irudikatu beharko lituzke. Ez da nahikoa udalak prentsaurreko baten bidez iragartzea kontzertu edo emanaldiak, beharrezkoa da antolatzen diren jarduerei ikusgarritasun handiagoa ematea eta kultura eragileei erraztasun handiagoak ematea”.
Horrez gain, sozialistek hasiertik “borrokatu” zuten Lekuonak ere asteburuetan irekitzeko. Euren iniziatibarekin “udala lizitazio bat irekitzera behartua ikusi” zela eutsi dute, “Lekuona larunbat goizetan ere irekia egoteko pertsonala handitzeko”.
Ikasketa eremuak
Duela aste batzuk, beste urtetan egin duten bezala, “kurtso bukaerako azterketa garaian Lekuona Fabrika eta Bizarain ikastetxea irekitzea” eskatu zutela aipatu du Palenciak: “Aste batzuez gure proposamena kontuan hartuko zela zirudien, baina udal gobernuak Reina Aretoa bezalako prestatua ez dagoen gune bat ahalbidetzea erabaki du. Lekuona eta Bizarain ikasketarako gune egokiagoak dira, baliabide hobeak dituztelako”.
Hori guztia aipatuta, sozialistek Lekuona “espazio kultural osoagoa, dinamikoagoa eta programazio handiagokoa, askotarikoa eta anbiziotsuagoa” bihurtzea nahi dute. Horretarako, “beharrezkoa” ikusten dute udalerriko kultura eragileekin “elkarren ondoan lanean” aritzea eta “kulturara bideratzen den inbertsioa” handitzea, “soilik horrela izango dugu merezi dugun gune kulturala”.