Jaietan, denak ez du balio: «Esna gaude. Erasotzaile, zuri begira gaude!»
Harremantxok kaleak hartzera deitu ditu neska eta emakumeak, baina ardura gizonena ere badela nabarmendu dute. Ortzadarra ez dute ahantzi.
Ate-joka daude 2022ko Pasai Antxoko Jaiak, eta ospatzeko gogorik ez dute falta bizilagunek; denek disfrutatu ahal izateko, baina, erantzukizunez so egin behar zaie, ezinbestean, inguruko errealitateei.
Urtea hasi zenetik etengabekoak dira herri bateko eta besteko ospakizunetan gertatzen ari diren eraso matxistak edo, orobat, kolektibo disidenteekiko oldartzeak. Ongi daki hori Harremantxo talde feministak, eta ez dute halakorik onartuko heltzear diren sanferminetan.
Kaleak hartzera deitu zituzten Antxoko neska eta emakumeak atzo arratsaldean. Gure Zumardian egin zuten bat, asteazken arratsaldearekin, dozenaka bizilagunek «esna gaude. Erasotzaile, zuri begira gaude!» esateko.
Talde argazki adierazgarri hura egitea beharrezkotzat jo zuen emakumeen eskubideen aldeko borrokan diharduen taldeak, eta horren berri emateko inguruan izan diren jaiei begira jarri da Ane Etxeberria kidea: «Gogo handia dago jaietarako, eta jendeak dio: ‘askatasuna dugu’, baina askatasun horrek baditu mugak, eta marra gorri batzuk pasatzen ari dira».
Larria da, oso, herrietako jaiak ospatzen diren aldiro egotea indarkeria matxistako salaketarik. Izan ere, denuntzia publikoak baldin badaude, esan beharrik ez da isilpean gelditzen diren beste kasu aski ere gertatzen direla.
«Guk ere badugu eskubidea ongi pasatzeko», adierazi du Etxeberriak, eta argi du hark alkoholaren menpe egoteak ez duela justifikatzen eraso mota bat ere. Horregatik, hasia da jada Harremantxo barrutian Jaietan denak ez du balio leloa idatzita duten kartelak barreiatzen; bai eta, txosna guneetan nahiz tabernetan, erasoei aurre egiteko protokoloak banatzen.
Emakumeak bakarrik ez
Feminismoa ez da emakumeen kontua, emakumeen arazoa; are eta gutxiago matxismoa. Argazkian emakumeak soilik agertzeko erabakia ez da ausaz harturikoa: «Aurreko urteetan manifestazio [irekiak] egin izan dira, baina badirudi gaur egun politikoki zuzena dela horietan parte hartzea».
Haratago behar du engaiamenduak. «Gero, zein puntutara arte hartzen dugu erantzukizuna gure kuadrilletan ematen diren komentario eta erasoak mozteko?». Eguneroko horien sorburu direla geroko biolentzia asko uste du antxotarrak.
«Erasotzaileak gure artean daude», irmo esan zuten atzo, «gure kideak izan daitezke; gainera, erasotzaileak behar izaten ditu. Zein da zure erantzukizuna honetan guztian? Erasotu bezainbeste erasotzaile dago».
Erantzunbeharrez aritzeko deia egin die taldeak Antxoko bizilagunei, emakumeek ere jaiak askatasunez gozatu nahi dituztelako, «aske dantzatuz, aske harremanduz, eta aske eta lasai etxera itzuliz». «Ardura hartzea dagokigu denei, baita gizonei ere».
Protokoloan
Aurtengo protokoloan eraso matxistak ez ezik, LGTBIQ+ kolektiboaren aurkakoak ere barne hartu ditu Harremantxok, «ikusten ari garelako azken aldian gorakada egon dela horietan ere», aitor egin du Etxeberriak.
Zenbait kidek, jaiek iraun artean, besoko more bat eramango dute. «Edozein eraso salatzeko, etxera joaten laguntzeko… prest egongo gara».