[Elkarrizketa] "Oraindik nire buruari ‘Amalur, lortu duzu’ esan behar diot"
Erronkazalea, oso saiatua, alaia eta denari alde ona ateratzen dion horietakoa da Arbelaitz. Proposatutako guztia lortzeko bere inguruan babes handia duela sentitzen du oiartzuarrak.
Nerea Arrutirekin batera II. Emakumezkoen Binakako Euskal Pentatloi Txapelketa irabazi zuen Arbelaitzek, Tolosako zezen plazan, ekainaren 18an. Lehenengo aldia zen pentatloian lehiatzen zena.
Hogeita lau minutu behar izan zenituzten lana bukatzeko eta bigarren sailkatuari 2 minutu 52 segundoko aldea atera zenioten. Aise irabazi zenuten, ezta?
Bai, egia esan sorpresa itzela izan zen. Ez genuen espero horrelako lanik egitea. Bai Nerea [Arruti], eta baita ni neu ere berriak gara mundu honetan. Irailean hasi eta bederatzi hilabete daramazkigu entrenatzen. Herri kirolen munduan ibili izan naiz, sokatiran, idi proban edo trontzan, esaterako. Baina pentatloiaren modalitate hauek ez nituen inoiz probatu. Aurkariak profesionalak dira eta, beraz, izugarrizko sorpresa izan zen.
Zer sentsazio izan zenituen probaren egunean?
Egunean bertan, goizetik, oso lasai sumatzen nuen nire burua. Zenbat entrenamendutara joango ote nintzen urduriago! Eta aldiz, eguna iritsi zenean lasai sentitzen nintzen. Lehiaketara elkarrekin joan ginen. Nerea jaso eta ikaragarri lasai nengoela azaldu nion. ‘Bai? Ni ere bai’, erantzun zidan. Eta hura seinale bat zela pentsatu genuen. Gure kezka bakarra beroa zen. Plazara heldu ginenean 45 gradu egiten zituen. Ezin zen arnasik hartu ere egin. Gure asmoa proba txukun hastea eta bukatzea zen. Eta pentsamendu horrekin irten ginen. Gainera, probaren ordurako tenperatura hamar gradu jaitsi zen, beraz, primeran.
Zein izan zen probaren gakoa?
Lasai hastea eta lehenengo proba txukun egitea. Harria jasotzen bukatu [lehenengo proba] eta iazko urteko txapeldunaren pareko atera ginen. Harriarekin beti izan ditut arazoak. Une hartan Nereari begiratu eta ‘hau ahal da’ esan nion. Hortik aurrera lor genezakeela ikusi genuen.
Zein probatan sentitu zinen erosoen?
Entrenamendu osoak egiten genituenean batzuetan txingetan, besteetan korrika sentitzen nintzen erosoen. Bada, finalean giza proba izan zen gehien gozatu nuena. Oso gustura, oso konfiatuta eta oso lasai sentitu nintzen. Erraz eraman nuen 250 kilogramoko harria.
Nola otu zitzaizun pentatloian hastea?
Oso erronkazalea naiz. Telebistan mutilen banakako finala ikusi nuen. Oso gogorra iruditu zitzaidan, baina probatzea pentsatu nuen. Antolatzaileari deitu nion ideia hura zer iruditzen zitzaion galdetzeko. Egin nezakeela erantzun zidan. Eta bai, egin dut, baina kostata! Buru-belarri bertan sartuta. Lan eta ordu askoren emaitza izan da. Urduritasun handiak pasa ditut eta lortutakoa entrenatzaileei eskertu behar diet. Hilabete hauetan guztietan haiek animatu naute eta lortuko nuela esaten zidaten. Hori entzuteak asko egiten du, lasaitasuna transmititzen zidaten. Ez nuen inoiz etsi, eta uste dut hor dagoela gakoa.
Atzera begiratuta, nolako esperientzia izan da?
Esperientzia izugarria izan da. Tolosako plazan probak amaitu genituenean sinetsi ezinik nengoen. Amets batean egotea bezalakoxea zen. Oraindik ere asimilatzen ari naiz. Nire buruari ‘Amalur, lortu duzu’ esan behar diot. Egunak joan ahala konturatzen ari naiz zer lortu dudan. Etxekoen babesa oso garrantzitsua izan da. Nire seme-alabak, gizona eta lagunak plazan urduri eta garrasika ikusi izana latza izan zen. Eta, noski, bikotea, Nerea Arruti chapeau. Oso neska indartsua da. Etsitzen ez den horietakoa.
Nola moldatu zarete elkarrekin?
Hasieran beldurra izan nuen. Oso mundu ezberdinetik gatoz. Bera crossfitaren mundutik, eta ni baserritarra. Entrenatzera etorri zen lehenengo aldian 100 kilogramoko harria altxa zuen, eta nik 35 kilogramokoa besterik ez nuen altxatzen. Baina gero izugarrizko konplizidadea garatu genuen. Nire alaitasunarekin, umorearekin eta konfiantzarekin, eta Nerearen gaitasunarekin zoragarri moldatu gara. Bata bestea animatu eta hor ginela erakusten genion elkarri.
Nondik atera duzu entrenatzeko denbora?
Loari kentzen diot askotan. Goizeko 05:00etan esnatzen naiz egunero lanera joateko. Hainbat lan ditut. Jangelan ibiltzen naiz, etxe batzuk eta elkarte bat garbitzen ditut, eta hortaz gain, baserrian ere lan egiten dut. Egia da baserrian nire ama eta gizona daudela eta asko laguntzen didatela. Seme-alabengatik ere babes handia jaso dut.
Izugarrizko energia duzu.
Bai. Oso gutxitan izaten dut gorputza nekatuta. Egia esan, ez dakit nondik ateratzen dudan energia hori guztia. Oso aktiboa izan naiz beti. Ez dakit burua den, edo zer den, baina izugarrizko zortea daukat. Eta horri, oso baikorra naizela gehitu behar zaio. Nik etsitzeko gauza handia beharko du izan. Denari alde ona ateratzen diot. Eta horren adibide da maiatzaren 16an gertatutakoa. Ordura arte eskubiko sorbaldarekin altxatzen nuen harria. Konkor handi bat nuen sorbaldan eta lehertu egin zitzaidan. Traumatologoak sorbalda hori ezin nuela erabili esan zidan. Horrenbeste entrenamendu eta gero ezin nuen pikutara bota dena. ‘Eta ezkerrarekin altxatzen badut?’, galdetu nion entrenatzaileari. Harrituta gelditu zen. Ezkerrarekin saiatu eta lortu egin nuen. Hori guztia burua da.
Seme-alabei ere herri kirol sena pasa diezu, ezta?
Bai, hala da. Araitz giza proban ibili da eta Joseba sokatiran lehiatuko da aurten Oiartzungo jaietan, eta horrek, poz handia eragiten dit. Herri kirolaren mundua eusteko garrantzitsua da gazteak animatzea. Oso kirol polita da, oso sakrifikatua, eta oso gogorra aldi berean. Gutxi ordaindua ere, baina merezi duena. Guk eutsi behar diogu mundu horri eta horretan saiatuko naiz, etxekoak animatzen, bai eta ingurukoak ere.
Euskal Herriko Binakako Pentatloi Txapelketa irabazi baino lehen ETB1eko Baserria programan egin zinen ezaguna. Nolatan animatu zinen telebistara joatera?
Sorpresa izan zen. Programatik deitu eta animatu egin nintzen. Xehetasun gutxi eman zizkidaten. Ez nekien zehazki zertara nindoan. Bertara heltzerakoan Xabik [Baserria programan Amalurren bikoteak] reality bat zela azaldu zidan.
Nolako esperientzia izan da?
Nire bizitzako esperientzia handienetako bat izan da. 17 urte nituela izan nuen lehenengo semea eta 38 urte izan arte etxean egon naiz haiek hazten. Hamabi egun etxetik kanpo egon nintzen eta kristoren esperientzia izan da hori. Aldi berean, psikologikoki gogorra izan zen. Etxera itzuli nintzenean bederatzi egun ametsetan igaro nituen.
Zer jaso duzu esperientzia horretatik?
Nire buruarengan konfiantza handia izaten. Lehendik banuen, baina orain are gehiago. Horrez gain, oso polita izan da jendeak zenbat maite nauen ikustea. Kalean gelditzen naute eta idolo bat banintz bezala tratatzen. Horrek, nire burua gehiago maitatzeko eta balio dudala esateko balio izan dit.
Lehiakide izateaz gain, azken edizioan Ion Areitiorekin batera epaile izan zara.
Esperientzia polita izan zen hura ere. Epaitzea pixka bat gogorragoa izan bazen ere, elkarrekin oso ondo moldatu ginen. Larunbatean Tolosan izan zen ni animatzen!
Zer moduz moldatu zineten elkarrekin?
Ez zen batere erraza izan. Detaile guztietara oso adi egon behar genuen. Hala ere, gauza berberaz ohartzen ginen eta beraz, gogorra izan zen arren, erabakiak seguru hartzen genituen.