Adin tarte guztietan jaitsi da euskararen erabilera Lezon
2019ko datuekin alderatuta, erabilera orokorra ehuneko 2,6 puntutan jaitsi da. Beheraldi nabarmenena gazteen eta haurren artean izan da.
Lezoko Euskararen Herri Batzordeak 2021eko euskararen kale erabileraren neurketaren emaitza orokorrak eman ditu. Soziolinguistika Klusterrak egin zuen kaleko lana iazko udazkenean, eta aldi berean, jasotakoaren ondorioak ere haiek helarazi dituzte, txosten bidez. Txosten hori, eta aurreko neurraldienak hemen klik eginda kontsulta daitezke. 2021ekoaren emaitza orokorra da herriko euskararen kale erabilera %30ekoa dela, hau da, neurtzaileek jasotako elkarrizketa guztietatik herena baino gutxixeago izan zirela euskaraz. Aurreko neurraldian (2019koan), erabilera %32,6koa izan zen. 2018ko neurketan erabilera datu orokorra %26,5ean finkatu zen, 2016koan %36,5ekoan, eta 2012koan (euskararen erabilera gehien izan zuen urtea 2000. urtetik egin diren 10 neurketetatik) %41,8koa.
2019ko datuekin alderatuta, adin tarte guztietan egin du behera kaleko erabilerak. Jaitsierarik nabarmenenak haurren (2-14 urte) eta gazteen artean (15-24 urte) izan dira: lehenen erabilera %43,8koa da, 2019an %46,7koa zen bitartean. Gazteena, berriz, %25ekoa (2019an %28koa). Helduen erabilerak beheraldi apala izan du (%29,5etik %29,2ra), eta adinekoena (65 urtetik gorakoak) ere esanguratsua izan da, %19,5etik %17.1era jaitsi baita. “Larria da gazteen laurdenak bakarrik euskara erabiltzea, %100ak euskara dakienean”, esan dute Euskararen Herri Batzordeko kideek.
Datu orokorretan sakonduta, beste bat: emakumeen euskararen erabilera kalean %31,8koa da (%38,2 2019an), eta gizonena %28,3koa (%34,8 2019an).
Aukeretan, esperantza
Datuak esku artean, Euskararen Herri Batzordeko kideek adierazi dute ez dutela etsiko euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko lanean. “Herriko euskararen ezagutza %70ekoa da, eta gazteen artean %100ekoa. Erabilera datuak iraultzeko aukerak daude”, esan dute.
Batzordekideen arabera, helduek izan behar dute gazteen ispilu euskararen erabileran. “Bai helduei, bai herrian dauden eragile eta sektore ezberdinetako taldeei bakoitzak ahal duena euskaraz egitera gonbita luzatzen diegu, gazteek euskararen garrantzia ikus dezaten, haien artean euskaraz egitera animatzeko. Ez da soilik gazteen lana, herri osoarena baizik. Euskaraz bizitzeko aukerak baditugu”.
Norabide horretan Euskararen Herri Batzordea iniziatiba bat prestatzen ari dela iragarri du.