Beste behin ere, maila eman du Pasaia Kayakek
Joan den asteburuan Vigora hurbildu zen taldea, Espainiako Kopa lehiatzera. K-2 frogan, emaitza apartak lortu zituzten.
Joan den asteburuan Pasaia Kayak taldeak Itsas Kayakeko Espainiako Kopan parte hartu zuen, Vigon. Taldeko ordezkarien arabera, pozik itzuli dira kirolariak, maila erakutsi ostean. Gainera, nazioarteko txapelketei begirako hautapen frogak izan ziren larunbat nahiz igandekoak, lehiakortasun handia gehitu zielarik.
Pasaitarrak K-2 binakako frogan erakutsi zuten maila onena. Alde batetik, kadete mailan Ioar Alonso eta Maialen Vitoriak osatutako emakumezko bikoteak hirugarren postuan iritsi, podiumean, eta brontzezko domina eskuratu zuten; zortzi kilometro pasatxoko ibilbidea egin ostean. Bestetik, senior mailan Aritz Araneta eta Ion Carballok bosgarren postua eskuratu zuten, Espainiako palista onenen eta selekzioko kideekin lehiatu ostean.
Hortaz gain, master kategorian bi taldekide lehen hamar postuetan iritsi ziren; Yarza eta Cachafeiro, alegia. Hori guztia dela-eta, 50 talde baino gehiagoren artean, Pasaia Kayak taldea hamabigarren sailkatu zen kopan.
Ordezkaritza pasaitarra ere, autonomia erkidegoen arteko Espainiako Txapelketan
Bestela, Euskadiko Selekzioa ordezkatuz, Aitor Arrieta, Iñaki Fernandez eta Iñigo Lois pasaitarrek ontzia osatu zuten (Martin Egaña zumaiarrarekin batera) autonomia erkidegoen arteko Espainiako Txapelketan, ur lasaietako K-4 frogan. Seigarren izan ziren Valladoliden, lehendabizi; eta bosgarren hurrengo egunean, Sanabrian.