[Elkarrizketa] «Oraingo gazteek beste lan helburu batzuk dituzte»
Lezok dituen bost taxi lizentzietatik, bi bakarrik daude martxan, bi taxi ditu herriak. Zerbitzuaren gabeziari aurre egiteko Pasaiakoekin bat egin dute Lezokoek. Horren gaineko xehetasunak eman ditu Irazokik.
Etxalarkoa (Nafarroa) jaiotzez, hamabost urte daramatza Irazokik Lezon taxista, hamabi herrian bizitzen. Aurretik kamioi gidari izan zen, nazioartekoa. Herriko taxi zerbitzuan aldaketak izan dira azken asteetan, zegoen gabeziari aurre egiteko. Orain, 943 39 14 14 telefono zenbakira deituz eska daiteke taxia, eguneko 24 orduetan: Radio Taxi Jaizkibel Lezo Pasaia sortu dute.
Radio Taxi Jaizkibel Lezo Pasaia sortu duzue. Ona da hori Lezoko taxi gidarientzat, ezta?
Guretzat ona da, baina batez ere herriarentzako izango da ona. Lehen bost taxi zeuden herrian, baina orain bi gara bakarrik. Bi erretiratu egin ziren, eta bestea hil zen. Beraz, zerbitzua emateko eskas ginen, ezin ginen denera iritsi, eta jendea kexaka zebilen. Hasiera batean helburua zen Oarsoaldea mailako zerbitzua adostea, baina momentuz, zerbitzua hobetzeko Pasaiako taxiekin akordioa egin da. Lehen ez zegoen ez taxirik, ez ibilgailuak eskatzeko telefono zenbaki zehatzik. Orain bai. Uste dugu batez ere herritarrentzako ona dela lortu den akordioa.
Lezok bost taxirentzako lizentziak ditu, baina bi bakarrik zaudete. Ez al da ofizioan erreleborik?
Ofizioa gogorra da, eta oraingo gazteek beste lan helburu batzuk dituzte. Ostalaritzan gertatzen denaren antzekoa ari gara jasaten taxietan. Egia da ordu asko egin behar direla autoan, asteburuetan lan egin behar dela, eta orduan, jendeak atzera egiten du. Gainera, hasieran inbertsio bat egin behar da lizentzia eskuratzeko, baina beste edozein negoziotan hasi nahi izanez gero, inbertsio hori ere egin behar da. Taxian, lan eginez gero, hileroko soldata ateratzeko aukera dago. Baina sakrifikatua da lan hau, hori ezin uka.
Etxalarkoa izanik ere, jada lezoarrak ezagutzen dituzu. Nolakoak dira?
Oso jende jatorra da. Oso gustura nabil Lezon. Askok esaten didate euskal hiztuna naizelako nirekin ondo moldatzen direla. Lehen, bost ginenean, ni bakarrik nintzen euskalduna, eta uste dut jendeak hori baloratzen zuela. Orain ere horrela gertatzen dela uste dut. Bertan bizi naiz gainera, eta harreman oso ona dut lezoarrekin, oso ondo moldatzen naiz herritarrekin.
Pandemia, etxeratze aginduak, dena bertan behera… Nola moldatu zineten murrizketen garaian?
Oso gaizki. Ez zegoen inolako mugimendurik. Dena gelditu zen, eta dena soka bat denez, gu ere gelditu ginen. Arnasa hartzen hasi gara, ordea. Adibidez, nik furgoneta dut eta elbarritasuna duen jendea garraiatzeko aukera dut, beraz, ari naiz pixkanaka gora egiten. Sagardotegi garaia ere nabaritu dut, baita ezkontzak-eta egiten hasi direla. Iaz hasi zen dena nahiko ondo mugitzen, eta aurten hori berresten ari da. Orain badago mugimendua.
58 urte dituzu. Erretiroa taxian hartuko duzu?
Bai, hala da. Honezkero horrela izan beharko du. Agian zerbait hobea aterako balitz, hartuko nuke! [barrez]. Baina taxian jarraitzeko asmoa dut erretiroa hartu arte