[Erreportajea] Puzzlea osatzea baino gehiago
Udaleku ireki eta itxiek, kontziliazioa errazteaz gain, hezkidetzaren gisako gaiak lantzen dituzte. Euskararen erabilera ere erdigunean jartzen dute, Errenterian eta Lasarte-Orian.
Udako oporraldia hurbiltzearekin batera, guraso askori kezka sortzen zaie: umeak oporretan eta beraiek lanean dauden bitartean, nor arduratuko da haurrak zaintzeaz? Hor hasten dira puzzlea osatzen. “Niretzat buruhauste handi bat da”, azaldu du Leire Urruzolak. Lasarte-Orian bizi da; ama bakarra da, eta bi seme ditu, 3 eta 7 urtekoak. Guraso bakarra izanda, udan, kontziliazioa bikote batek baino zailagoa du, “alde bakarraren” opor egunak baino ez dituelako bere familiak. “Nahiz eta hilabete osoko opor egunak hartu, ez naiz iristen gainontzeko egun horiek guztiak estaltzera”.
Urruzolak, uztailean, Lasarte-Orian Ttakun kultur elkarteak antolatzen dituen Udako Txokoetara eramango ditu haurrak. Astelehenean hasi ziren, eta 09:00etatik 13:00etara izango dira han. “Niretzat [txokoak] ez dira aukera bat, nahitaezko zerbait baizik”, esan du. Udako txokoak edo udaleku ireki nahiz itxiak kontziliatzeko ezinbesteko tresna dira guraso askorentzat, baina, funtsean, lanketa kontziliazioaz harago doa: udalekuak udako aisialdi programak dira, eta Gipuzkoako zenbait herritan antolatzen dituzte, 3 eta 16 urtera arteko haurrei begira.
Duela hainbat hamarkada sortu ziren, eta Lasarte-Orian, esaterako, 30 urte baino gehiago daramatza Ttakunek txokoak antolatzen, Pili Bermejo Udako Txokoen arduradunak azaldu duenez. “Hizkuntza beharragatik sortu ziren, haurrak euskalduntzeko asmoarekin”. Helburu nagusia oraindik ere hori dela argi dute, baina “proiektu hezitzailea” ere badirela zehaztu du. Azken urteetan, hezkidetza lantzen ari dira, eta, horren barruan, ingurumena, berdintasuna, aniztasuna eta beste balio batzuk.
Errenterian ere, Udako Oporrak programaren barruan, “didaktikoki” lantzen dituzte balio propioak, Xabi Sanchez Gazteria zinegotziaren esanetan. Horien artean “berdintasuna, ekitatea eta aniztasuna” aipatu ditu: “Aisialdi esparru hezitzailea eskaintzen dugu”. Integrazioa dute beste gakoetako bat, eta esan du hori “berdintasunetik abiatuz” egiten dutela. Ildo horretatik, Bermejok nahiz Sanchezek zehaztu dute aniztasun funtzionala edo behar bereziak dituzten haurrak integratzeko lanean ari direla. Errenterian ere udako aisialdi programa euskaraz eskaintzen dute: “Helburuetako bat egunerokotasunean euskara modu naturalean erabiltzea izaten da”.
Kontzeptu horiek guztiak gauzatzen dituzten pertsonak hezitzaileak edo begiraleak dira. Ttakun elkarteko kideek diote jakitun direla hezitzaileek eragiteko daukaten gaitasunaz: 460 haur onartu dituzte —gehieneko kopurua—, eta 50 begirale izango dituzte, denak Lasarte-Oriakoak bertakoak. Hori dela eta, begiraleekin lanketa berezia egiten dute; batik bat, hezkidetza edo generoaren inguruan. Errenteriaren kasuan, udako aisialdi programarako begirale berriak kontratatzen dituzten arren, nukleoa urtean zehar ludoteketan edo gaztelekuetan lan egiten duen lantaldea dela azaldu du Sanchezek: “Beti saiatzen gara talde eragile bat izaten, herria ezagutzen duena eta gazte askorentzat erreferente dena”.
Beharretara egokituz
Urteotan eskaintza nahiz programazioa egoera berrietara egokitzen joan dira. “Eredua aldatu da, emakumeak etxetik kanpo lan egiteak sortu dituen beharrak, baita familia profila ere: guraso bakarreko familiak, banandutakoak…”, adierazi du Bermejok. Alde horretatik, errealitateaz “kontziente” direla azaldu du: “Guraso batzuentzat, kontziliazio aldetik, behar hutsa dira txokoak”. Behar horietatik abiatuta sortu dituzte, esate baterako, Goiztxoko zerbitzua eta jangela.
Plaza lortzea kezka izaten da gurasoentzat. Ttakunen kasuan, izen emate zerrendaren arabera hautatzen dituzte umeak; Errenterian, plaza guztiak betez gero, zozketa egiten dute. Izena eman duten guztiak onartzen saiatzen direla argitu dute bi arduradunek, beharko balitz, plaza kopurua handituz; txikienetan, bederen. Urruzolak faltan sumatzen du familien egoerak kontuan hartzea plazak finkatzean: ume kopurua, bi gurasoak lanean dauden, guraso bakarra izatea… “Tokirik lortuko ez banu, ez dakit zer egingo nukeen: zaintzaile bat hartu, baimena eskatu lanean… Argi dudana da ez dagoela kontziliatzeko neurririk, dena da diruaren truke”.