Laguntzak enpresentzat, eskualdeko langabetuak kontratatzeko
Oarsoaldea Garapen Agentziak abiarazitako egitasmoa da, eskualdean erroldatuta dauden 96 langabetu kontratatuak izan daitezen.
Oarsoaldea Garapen Agentziak, Berpiztu programaren baitan, eskualdeko langabetuak kontratatzeko laguntzak iragarri ditu enpresentzat. 2021eko irailaren 1etik 2022ko urriaren 31ra arte hasitako kontratuetarako diru-laguntzak izango dira. Hauek dira laguntzak jaso ahal izateko enpresek bete beharreko baldintzak:
- Lantokia Gipuzkoan izatea.
- Edozein kontratazio-modalitate onartuko da, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik.
- Gutxienez 6 hilabeteko kontratua eskaintzea, lanaldi osokoa.
- Enpresa bakoitzak 3 kontrataziorako muga izango du.
- Diruz lagundutako kontratu bakoitzeko laguntzen gehieneko zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da, baina laguntzaren azken zenbatekoak ezingo du soldataren %75 gainditu.
- Laguntza 6 hilabete igaro ondoren likidatuko da, kontratazioaren baldintzak eta denbora egiaztatzen direnean.
Kontratatutako pertsonek, ordea, honako baldintzak bete beharko dituzte:
- Eskualdean erroldatuta egotea
- Langabezian egotea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda eta alta emanda egotea.
- Enpresa eskatzailearekin lan-harremanik ez izatea diru lagundu beharreko kontratua hasi aurreko 6 hilabeteetan.
Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Oarsoaldeko webgunearen bitartez. Eskabideak jasotzen diren neurrian ebatziko dira, eta horiek aurkezteko epea deialdia egiten den 96 lanpostuak betetzen diren unean amaituko da.