Esku beteta itzuli da Landarbaso, Probentzako Nazioarteko Lehiaketatik
Lehen postua lortu du Grand Prix-ean eta koru mistoetan, eta bigarrena eliz musikan. Iñaki Tolaretxipik taldea zoriontsu itzuli dela aitortu du.
Joan den asteburuan, Errenteria-Oreretako Landarbaso Abesbatzak Probentzako (Frantzia) Nazioarteko Lehiaketan hartu zuen parte, Choral Events-ek antolatuta. Lehiaketatik bueltan, oso pozik itzuli da taldea. Izan ere, lehiaketako bost modalitatetatik bitan sari nagusia eskuratu dute; eta hirugarren batean, bigarren postuan sailkatu dira. Grand Prix eta koru mistoetan lortu zuten irabaztea, eta Gioventu in Cantata koro italiarraren atzetik gelditu, ordea, eliz musika modalitatean.
Iñaki Tolaretxipi abesbatzaren zuzendariak aitortu eran, “ilusioa eta motibazioak” bultzatu zituen abeslariak nazioartean parte hartzera. Hasiera batean, Singapurreko lehian izatea zen asmoa, baina, berau bertan behera gelditu ostean, Probentzako Grand Prixera jo zuten.
Punta-puntako nazioarteko lehiaketa izan gabe, Tolaretxipik aurten maila izugarri hazi zela onartu du, aurreko urteetan egondako parte hartzea handitu eta guztira hogeita bederatzi koru lehiatu baitziren. Gainera, nazioarteko txapelketa bateko presioa sumatu zutela esan du: “Epaimahaiko kide guztiekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta partituretako atal bakoitza zorroztasun handienarekin aztertzen zutela konturatu nintzen. Azken finean, nazioarteko txapelketa batean geunden”.
Hala eta guztiz ere, taldea zoriontsu eta datozen hilabeteetarako ilusio handienarekin itzuli dela baieztatu du zuzendariak. Abuztuko lehen astean, Donostiako Hamabostaldian arituko dira, eta irailean, Donibane Lohizuneko Ravel jaialdian.