Ogasunaren aurrean euskaraz, eta otordu goxo-goxoa
Errenta aitorpena euskaraz egiteagatik, Oarsoaldeko lau herrietako lau biztanlek otordu goxoak egiteko sariak irabazi dituzte.
Aurten ere, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak (eskualdeko lau udalek osatzen dute) errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina egin du. Horren barruan, ogasunaren aurrekoak euskaraz egiten zituztenen artean zozketa abiatu zuen. Irabazleen berri eman du batzordeak, hain zuzen hilaren 6an egin zelako zozketa. Herri bakoitzeko saridun bana izan da, eta horietako bakoitzak bi lagunentzako otordu goxo-goxoaz gozatu ahal izango du.
Errenteria-Oreretako irabazlea Itziar Navarro izan da. Hari saria Itziar Ostolaza Errenteriako Udaleko Hizkuntza Berdintasun zinegotziak eman zion. Navarrok Ximiko jatetxean erabili ahalko du irabazitakoa.
Lezoko irabazlea, berriz, Pepi Etxegoien izan da. Ion Pombar Euskara zinegotziak eman zion egokitutakoa, hau da, Sagarzulo jatetxean bi lagunentzako otordua.
Oiartzungo sariduna Xabier Arrojo Cabreras izan da. Josu Delgado Euskara zinegotziak eman zion zozketan bere egindako otordua, Olaizola jatetxean baliatuko duena.
Azkenik, Pasaian, Ander Otero Sistiaga sanjuandarra izan da herriko zergadunen arteko irabazlea. Haren izenean Oihana Martikorenak jaso zuen saria, Loreto Osa Euskara zinegotziaren eskutik. Laguntzaile RKAko Maria Badiola izan zuen Osak sari ematean. Oterok nahi duenarekin Donibane Ontziola jatetxean otordu ederraz gozatu ahal izango du.
Heldu den urtean errenta aitorpena euskaraz egiten jarraitzeko deia egin du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak.