Pasaia Kayak, bigarren, Euskadiko olinpiar erako esprint txapelketan
Senior kategorian bi urre erdietsi dituzte marea urdineko palistek. Taldekide guztien lanari esker, bigarren sailkatu da talde pasaitarra.
Igandean jokatu zen Legutioko (Araba) urtegian aspaldiko partez Euskadiko olinpiar erako esprint txapelketa, Euskal Herrian modalitate horretarako dagoen azpiegitura bakarrean. Urteak ziren Euskadiko Federazioak azken aldiz lehiaketa hura antolatu zuenetik, eta aurten sartu du berriz ere egutegian, datozen urteetarako finkatzeko asmoz, azken norgehiagokak izandako harrera ikusita.
Distantzia bakarrean jokatu zen txapelketa, 500 metroko ibilbidean, eta 8 kaletan. K-1, k-2 eta k-4 ontziak aritu ziren lehian, Kadeteetatik Senior kategorietara bitarteko maila guztietan.
Senior kategorian bi urre ekarri zituen etxera marea urdinak. Haien artean, bereziki aipatzekoa Ion Carballok eta Iñigo Loisek osatutako k-2ak lortutakoa, Santiagotorrak taldeko bi ontzi indartsuak nagusitasunez garaituz. Nabarmentzekoa, halaber, Carballok k-1ean 69 ehunekorengatik soilik ez zuela erdiersi garaipena banakako lehian. Bigarren urrea, Iñaki Fernandez eta Laura Zunzunegik osatuko k-2 mistoak lortu zuen, taldeko bigarren ontziaren aurretik.
Kadeteak ere txukun aritu ziren. Maialen Vitoria, Enara Nuñez, Noa Revuelta eta Iñaki Conejerok osaturiko k-4 mistoa 11 ehunekorenegatik soilik geratu zen urrerik gabe.
Azkenean, taldekide guztien lanari esker, bigarren izan zen Pasaia Kayak taldekako sailkapen orokorrean, Santiagotarrak irabazlearen atzetik, eta Zumaiako Itxas-Gain, Barrika, Donostia Kayak eta Getxo Kayaka taldeen aurretik, hurrenez hurren.
Datorren larunbatean, Gipuzkoako Txapelketarekin, itsas kayakaren txanda Zumaiako uretan. Marea urdinak ez du etenik.