Mamitsu eta luze datoz santakrutzak
Jaiak irailaren 13an hasiko diren arren, aurretik ere izango dira jarduerak. Jai Batzordearen parte hartzera deitu dituzte lezoarrak.
Lezoko Jai Batzordea gogoz ari da 2022ko Santakrutz Jaiak prestatzen. Jaien hasiera ofiziala irailaren 13an izango da, Santakrutz Egunaren bezperan. Irailaren 18ra arte eutsiko diote festa giroari herrian. Baina 13aren aurretik ere izango da zer egin: Piztu Lezok, santakrutzak hasi baino aurreragoko astebururako (irailaren 10eko asteburua) hainbat ekitaldi antolatuko ditu. Horien denen gaineko xehetasunak aurrerago emango ditu HITZAk, oraindik ere zehaztasunak doitzen ari direlako. Beraz, luze joango dira herriko festa nagusiak, 2020an eta 2021an ezin ospatu ibili ondoren.
Ion Pombar Kultura zinegotziak azaldu du herriko eragileekin batera egitarau “polita eta zabala” ari direla hitzartzen, “jai hauek oso bereziak direlako”. Aldi berean, festak antolatzeko batzordean parte hartu eta ekarpena egin nahi dutenek, bertako ateak zabalik dituztela adierazi du, “batzordeetara gonbidatuak daude”.