Errenteriar batek BBVAren aurkako epaiketa bat irabazi du
Herritarrak aho konponketa bat ordaintzeko mailegua eskatu zuen bankuan, baina lanak bukatu baino lehen, hortz klinika itxi egin zen.
Errenteriar batek BBVAren aurkako epaiketa bat irabazi du, ahoa konpontzeko eskatutako mailegu baten harira. Herritarrak Dentix hortz klinikara jo zuen ahora konpontzera, eta bi bankurekin sinatu zituen maileguak, horietako bat BBVA, konponketako kostuei aurre egiteko. Hortz klinikak dirua jaso zuen, baina lanak bukatu aurretik itxi zen.
Egoera hori ikusita, kaltetua akordio batera iritsi zen beste bankuarekin. Ez, ordea, BBVArekin, eta demanda bat aurkeztu zuen bankuaren aurka. Era berean, bankuak beste demanda bat aurkeztu zuen herritarraren aurka.
Bada, ekainean ateratako sententzian, epaileak arrazoia eman dio errenteriarrari. Magistratuak kaltetuak egindako eskaera guztiak onartu ditu: lotzen zituen kontratua bertan behera utzi du, kuota batzuk itzultzeko agindu, eta BBVA kondenatu du epaiketak eragindako kostuak bere gain hartzera, besteak beste. Kontrara, atzera bota ditu BBVAk egindako eskaerak.