«Errenteria gure kulturarekin lotu nahi dugu»
Nigeriako Artisten Elkarteko kide zarete. Zertarako sortu zenuten?
IYAYI EVELY: Errenterian dugu elkartea, baina kideak Euskal Herri osokoak dira. Abeslariak, komedianteak, zineman dabiltzanak… denetik dago elkartean. Ikusi genuen talentu handia geneukala kalean eta ezin zutela ezer egin barruan zutenarekin, eta horregatik sortu dugu elkarte bat, zer egin dezaketen erakusteko. Madalenetan bi jaialdi eskainiko ditugu, bat hilaren 23an eta bestea 24an. Lehenengoa Gernika plazan da, 22:00etan; bigarrena, berriz, hilaren 24an Diputazio plazan 20:00etan. Euskal Herriko hainbat lekutako artista asko etorriko dira, eta gure elkarteko artistak dira denak.
Zein zailtasun dituzue kalean zuen artea zabaltzeko?
I. E: Zailtasun handiak daude. Adibidez, oso zaila da azoketan parte hartzea, batzuek arazo ekonomikoak dituztelako edota dokumentazio arazoak dituztelako. Talentua daukate eta hori erakutsi dezakete elkarteari esker. Izan ere, bi pisu kentzen dizkie elkarteak: dokumentazioaren aferak alde batetik, elkarteko kide bazara elkartea arduratzen delako horretaz; eta bestetik, diruari lotutako gaiak kentzen dizkiegu gainetik.
Zuen elkartean orotariko artistak daudela esan duzue, eta bi jaialdi egingo dituzuela madalenetan. Zein izaerako jaialdiak izango dira?
I.E: Errenteria gure kulturarekin lotu nahi dugu. Aldi berean, gure kultura erakutsi nahi dugu. Hilaren 24an dantza nigeriarra izango da eta Nigeriako arropa tradizionalez jantziko dira. Batez ere musikak izango du protagonismoa bi egunetan, eta gure herrialdean egin ohi dugunari jarraituz, afrikar janaria ere jarriko dugu. Bi egunetako kontzertuetan ez dira musikari berberak izango. Lehenengo egunekoa zuzeneko kontzertua izango da, eta bigarrenekoa ere, baina DJ batekin.
Aurreratu al daiteke nortzuk igoko diren oholtzara?
POGBE IAOUI: Abestuko duenetako bat ni neu izango naiz, edo hobeto esanda, King Jasper. Iyayik ekoitzi duen single bat aurkeztuko dut.
I.E: Blessing Osadolor ere etorriko da Tolosatik, eta bere single berria aurkeztuko du hilaren 23an. Nigeriako artista ezagunen bat ere etorriko da akaso.