1.200 bisitari baino gehiago artatu ditu turismo bulegoak, lehen hiruhilekoan
Apirilean ateak ireki zituenetik, Pasaiako Turismo Bulegoak jatorri ezberdineko bisitariak artatu ditu, era ezberdineko beharrengatik.
Pasaiako Turismo Bulego berria apirilaren 13an ireki zen lehenengo aldiz. Ordutik, hiru hilabete igaro dira honezkero, eta 1.265 bisitari baino gehiago hartu ditu lehen aldi honetan. Maiatza izan zen hilabeterik jendetsuena, 508 turista hurbildu baitziren informazioa biltzera. Turismo Bulegoaren arabera, Pasaiako Itsas Festibalak eragin handia izan zuen goraldi horretan. Ekainean, bada, 408 bisitari izan zituen, eta uztaila erritmo onean hasi da, zifra horien ia erdira iritsiz hileko lehen hamar egunetan (187). Ohiko kontsulten artean, planoak, garraioa, interes turistikoko guneak, kultur jarduerak edo museoak egon dira.
Turisten jatorriari erreparatuz gero, laurdena baino gehiago Frantziatik etorritakoak izan dira, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak izan direlarik hurrenak. Datu harrigarriena artatutako pertsonen % 11,5a pasaitarrak izan direla da.
Bulego berria Donibanen dago, Juanba Berasategi aretoaren ondoan. Udan zehar, asteartetik igandera egunero egongo da irekita, ordutegi honetan:
- Asteartetik larunbatera: goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara.
- Igandetan: goizeko 10:00etatik 14:00etara.
- Uztail eta abuztuko jaiegunetan: goizeko 09:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.