[Elkarrizketa] "Askotan, lesio fisikoak burutik datoz, eta tabua da gai hori"
Apirilean Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketan hirugarren sailkatu zen kategoria absolutuan. Skyrunning modalitateko Munduko Kopa lehiatzen dabil, eta joan den uztailaren 2an bigarren postua eskuratu zuen kopako seigarren lasterketan.
Orain artean, denboraldiaren zein balorazio egiten duzu?
Balorazioa positiboa da. Ez dut lesio graberik eduki eta emaitzak onak izan dira: Espainiako Txapelketan (Camovi lasterketa, Viveiro, Galizia) hirugarren; Zegaman (Zegama-Aizkorri lasterketan, Gipuzkoa), sailkapenean nahiko atzean baina denbora aldetik ondo, marka hobetzea lortu ez banuen ere [lau ordu eta hamabi minutuko denbora egin zuen]. Martxa onean nabilela uste dut, eta emaitza onak lortzen ari naizela.
Hilaren 2an, Garmin Epic Trailen [Vall de Boi, Katalunia], atzekoz aurrerako lasterketa egin eta podiumean, bigarren bukatu zenuen. Sentsazio onekin bukatu al zenuen?
Bai, oso sentsazio onekin bukatu nuen. Ikusita ia lau ordu eta erdiko lasterketa egin nuela eta 40 kilometro pasatxoko ibilbidea zuela, nahiko indartsu bukatu nuen. Atzekoz aurrerako lasterketa egin nuen eta nire profilari egokitzen zitzaion lasterketa zela ikusita, zukua atera nion.
Maiatzean Munduko Kopako lehenengo lasterketan (Skyrace des Matheysins, Frantzia) hamahirugarren izan zinen, eta orain, bosgarren zaude puntukako sailkapen nagusian. Aurrera begira, zeintzuk dira zure aurtengo erronkak?
Rankingari begira jartzeko oraindik oso goiz da. Azken finean, Gorbeian erabakiko da Munduko Koparen sailkapena [Gorbeia Suzien lasterketa izango da finala, Zeanurin, Bizkaian], eta oraindik ez ditut finalera sailkatzeko gutxienez egin behar diren lau lasterketak egin. Beraz, oraingoz rankingari begira jartzea alferrikakoa da. Dena den, denboraldi amaieran sailkapen orokorrean postu on bat lortu, Gorbeian lasterketa txukuna egin, eta sailkapenean ahal bezain aurreren geratzea da helburua. Bestela, Tromsoko [Norvegia] lasterketa dut begiz jota. Egia esan, lasterketa hori prestatzen egon naiz orain artean.
Zein motatako lasterketa da?
57 kilometroko distantzia du, eta 4.700 metroko desnibela. Lasterketa gogorra da. 2019an egin nuen eta sekula egin dudan lasterketa gogorrena iruditu zitzaidan. Aurten hobeto prestatuta eta mentalizatuta noa, eta gogo askorekin ere.
Mendi lasterketak, oro har, oso ezberdinak izan daitezke. Zein distantzia eta desnibel maila dituzu gustukoen?
Distantzia baino gehiago, mendian denbora hartu behar da kontutan. Esango nuke, hiru ordu eta erdi, eta bost ordu arteko lasterketak direla niretzako egokienak. Arnas luzekoa naiz eta hemendik aurrera distantziak luzatzen joango direla pentsatzen dut. Ez naiz oso esplosiboa, kilometro bertikalak ez zaizkit asko gustatzen, eta hauek esplosiboegiak izanda niretzat, distantzia luzeetako korrikalaria naiz.
Eta zoru edo paisaiari dagokienean?
Hanka luzeak ditut, eta asko korri egiten ahalegintzen naiz. Igoeretan ibilbide teknikoak dira onenak niretzat, oinez igotzen diren gogor horietakoak, edo arroketatik arroketara saltoka ibiltzekoak. Baina jaitsierak, ordea, ahalik eta suabeenak. Jaitsiera teknikoetan ez naiz ondo moldatzen, ez dut teknika handirik beherantz egiteko garaian, baina lasterketa amaieran korrika asko egin badaiteke, horiek dira hobekien egokitzen zaizkidanak.
2021ean Euskal Mendi Federazioan zuzendaritza aldaketa egon zen, bi hautatzailek dimisioa eman zuten zuzendaritza berriarekin izandako talkengatik, eta zuzendaritzak beste beste bi hautatzaileak kaleratu zituen. Komunikazio arduraduna kaleratu zuten bestetik. Gainera, denboraldi amaieran korrikalariei plan osoa aldatu zizueten, goitik behera. Orduko hemezortzi korrikalariek uko egin zenioten Euskal Selekzioa ordezkatzeari, zuzendaritza aldatu ezean. Nola bizi izan zenuen prozesu hori?
Momentu horretan haserre eta nahigabetuta zuzendaritzatik esan zituzten gezurrekin. Baita triste eta inpotentziarekin ere. Pixka bat baretzen joan den arren, hor jarraitzen du horrek. Gaur egungo zuzendaritzarekin ez dut ezer jakin nahi, baina hautatzaile berriekin harremana ona dut, haien ikuspuntu berdina ez izan arren. Lasterketetan kointziditu izan dugunean laguntza eskaini didate, nahiz eta selekziokoa ez izan, eta egia esan, hautatzaile berrien jarrera hori eskertzekoa da.
Korrikalarien artean, nola bizi izan zenuten? Zer-nolako harremana izan zenuten zuen artean?
Guzti-guztiak bat eginda geunden. Aho batez hartu genuen erabaki hori, eta ez zuen inork kontrako ezer aipatu. Egia da garai hartan selekziora sartu berriak ziren batzuek zalantzak zituztela, beraien aukera zelako. Baina bestela, aurreko urtetatik genbiltzan gainontzekoak bat eginda geunden: haserre eta gertatzen ari zena ezin sinistuta.
Aurten, aurreko gertakarien ostean, Merrell taldean zabiltza Oihana Azkorbebeitia abadinarrarekin batera. Gustura zaude? Zein babes eta laguntza eskaintzen dizkizu?
Egia esan oso gustura nago eta eskertuta eman didaten aukerarekin, bigarrena baita. Aurretik deitu nindutenean Euskal Selekzioan jarraitzeko hautua egin nuen, baina gertakari hauek igarota nik jo nuen haiengana, eta esku zabalik hartu naute. Gainera, Oihana [Azkorbebeitia] bezalako pertsona bat taldean izanda eroso nago. Talde ona dugu eta pozik nago. Laguntzei dagokienean, materiala, zapatilak, arropa, eta bidaietarako gastu batzuk kubritzen dizkigute. baita gonbidapenak egiten zenbait lasterketetara ere. Beraz, kontent nago.
Beste alde batera begira, azken hilabeteotan osasun mentalaren beharra azalerazi duzu, goi-mailako kirolak eskatzen duen gorputzaren zaintzaz gain. Noraino da beharrezkoa alderdi hori?
Alderdi hori, goi mailako kirolaz gain, mundu guztiak behar duen zerbait da; izan goi mailako kirolari edo beste edozein herritar. Naturaltasunez barneratu behar dugun zerbait da osasun mentalaren beharra. Hori, azken finean, goi mailako kirolari batentzat oinarrizkoa da. Askotan, lesio fisikoak burutik datoz, eta tabua da gai hori. Beraz, oinarrizkoa da burua ondo edukitzea gorputza ere ondo edukitzeko. Sare sozialetatik tabu hori normalizatzen saiatu naiz.
Zuk zeuk lehen pertsonan bizi izan duzu behar hori?
Bai, agian beranduegi hartu dut laguntza hau. Lo egiteko arazoekin egon naiz denbora luze batez, eta psikologoek asko lagundu naute. Oraindik hor jarraitzen du arazoak, eta orain beste mediku batekin hasi naiz. Hobeto nago, beste aurrerapauso bat izan da. Batak bestea hartzen du eta hor jarraitzen dut.
Ezinegon eta kezka psikologikoak gainditzeko, kirol munduan, baita hortik harago ere, zein izan daiteke konponbidea?
Konponbidea? Estresa gutxitzea [barrezka]. Ez dakit, hori psikologo batek esango du hobeto. Dena azkar, gertu, eta eroso nahi dugun gizarte batean bizi gara; baina horrek estres handiagoa suposatzen duela uste dut. AHTa, edo hegazkinak ditugu puntu batetik bestera azkarrago iristeko, eta horrek estres handiagoa sortzen digu, nahi gabe bada ere. Eta estresa, gure osasunerako, ez da batere ona.
Nola uztartzen dituzu lana, kirol ibilbidea, eta ingurukoei eskaini beharreko denbora?
Hasteko, pixka bat balantzan jarri behar da hori. Zerk betetzen zaituen hausnartu behar duzu: kirolak, lagunek, lanak, edo beste zerbaitek. Denbora mugatuta daukagu, eta denbora hori kudeatzen jakin behar da, balantza horren oreka mantenduz. Nire balantza familia eta lagunengana makurtzen ari da gehiago, kirolera baino. Lan egin, eta ordutegien arabera entrenatzen dut. Adibidez, orain arratsaldetan ari naiz lan egiten, beraz, goizetan entrenatzen dut; arratsaldetan lan egin, eta asteburuetan lagunekin edo familiarekin gehixeago egoteko aprobetxatzen dut.