[Erreportajea] Bere pilotalekura itzuliko da Josetxo Etxandi
46. eskuzko pilota txapelketan izena emateko epea zabalik da, hilaren 31ra arte. Aurten Goiko Plazako pilotalekura itzuliko dira herri mailako pilotariak nahiz federatuak.
Josetxo Etxandiren Omenezko 46. Oroitaldian maila herrikoian parte hartzeko izena emateko epea zabaldu dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Lezoarrek parte har dezakete, eta partidak santakrutzen aurretik izango dira. Finalak, berriz, herriko jaietan. Bikotetako txapelketa da, eskuzkoa eta pilota goxoekin. Emakume nahiz gizonek eman dezakete izena, eta hori egiteko, Txingurri tabernara joan behar dute interesdunek hilaren 31 baino lehenago. Maila federatuko partidak ere izango dira aurten, eta horietarako pilotariak antolatzaileak ari dira lotzen. Haurren (2010. urtetik aurrera jaioak), gaztetxoen (2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoak) eta helduen (16 urtetik gorakoak) kategoriak daude herri maila horretan.
Aurtengoan, Josetxo Etxandi pilotalekura itzuli da lehia, Goiko Plazakora hain zuzen ere. Izan ere, iaz egin zen txapelketaren 45. ekitaldian Koldobike Gezala frontoian jokatu ziren norgehiagokak, COVID-19ari aurre egiteko neurriek aforo mugak, publikoari tenperatura hartzea, distantziak eta horrelakoak eskatzen zituztelako. Datu bat eman du Joxemi Garmendia antolaketa taldeko kideak. 1975ean lehenengoz egin zenetik, bitan ez da egin Etxandiren omenezkoa, 2020koa koronabirusagatik, eta 1986koa: urte hartan herriko eragileek ez zuten santakrutzetako ekitaldirik antolatu, udalarekin zituzten desadostasunengatik.
Joxemi Garmendiak azaldu du herrian badela pilotazaletasuna, eta horren seinale dela txapelketa. «Nahiz eta herrian pilotarik handirik ez atera, bada afizioa. Herri mailako txapelketan askok parte hartzen dute. Federatuenean izaten direnak, askotan goi mailako pilotari izaten dira ondorenean; Euskal Herriko herrialde guztietako pilotariak ekartzen saiatzen gara, kalitate handikoak. Eskaparate ona da Lezokoa».
Josetxo Etxandi
1975eko urtarrilaren 30ean hil zen Joxetxo Etxandi lezoarra 25 urte bete gabe zituela, bihotzekoak jota. Pilotazale sutsua, batez ere haur eta gazteei pilotaren grina zabaltzen lan egin zuen herrian, baita inguruan ere bai.
Gazte hasi zen zeregin horretan, eta federazioan ere ibili zen ekarpena egiten. Hura hil eta urte berean, lagun talde bat hasi zen haren omenezko pilota lehiaketa antolatzen. Izan ere, Etxandik berak antzeko txapelketak antolatzen zituen udan Lezon, herriko pilotariekin nahiz kanpokoekin.
Garmendiak aipatu du gero eta jende gutxiago dagoela Josetxo Etxandiren antolakuntza lanetan. «Zailtzen ari da antolaketa lana. Lehen jende gehiagok laguntzen zigun garai batean bai antolatzaile bezala, bai eta laguntzaile bezala dirua eta bestelakoak ematen. Enpresa eta autonomoetatik jasotzen genuena gutxitu egin da». Aldi berean, udalean dirua eskatzeko prozesua asko zaildu dela adierazi du, «horrek askotan atzera botatzen gaitu. Zailtasunak toki askotatik iritsi zaizkigu».
Lagun talde bat hasi zen oroitaldia antolatzen, Etxandiren hainbat anai bertan zirela. Geroago erreleboa eman zen, baina lagunen artean jarraitu zuten antolaketarekin aurrera. «Noizbait laguntzaile izateko deialdiren bat ere egin dugu», azaldu du lezoarrak. Hasierako talde hartatik dabilenetako bat Luis Santos dela zehaztu du Garmendiak, nekaezin. Fermin Etxandi Josetxoren anaia ere izaten da laguntzen.