Oarso Bidasoan erabakitzen hasiko da, aurten ere, Donostiako Klasikoa
Lehenengoz 15:20 inguruan iritsiko da lasterketa Oiartzunera, eta 16:53ak inguruan bukatuko du Oarso Bidasoko ibilbidea Antxon.
Larunbatean, hilaren 30ean da Donostiako Klasikoaren 41. ekitaldia. 11:40an abiatuko da 224,8 kilometroko goi mailako txirrindularitza lasterketa Donostiako bulebarretik, eta aurten ere, azken kilometro mamitsuak Oarso Bidasoan egingo ditu. Horren ondorioz Hondarribitik hasita eta Pasaiaraino, errepide mozketak izango dira bi eskualdeetan arratsaldeko lehen ordutik. Aurten ez dago emakumeen klasikorik, Euskal Herriko Itzuliaren barruan sartu zutelako
Ordutegiei dagokienez, honakoak dira klasikoaren antolakuntzak eman dituenak, Oarso Bidasoari dagokionez: azaltzen diren orduak antolatzaileek emandakoak dira, betiere prebisio ertainean oinarrituak. Hau da, txirrindulariak lehentxeago edo geroxeago pasa litezke:
- 15:20. Astigarragatik Oiartzun aldera joango dira txirrindulariak.
- 15:32. Gurutzetik Irungo Kateara iritsi, eta handik Gaintxurizketarantz joango dira txirrindulariak.
- 15:39. Gaintxurizketako gaina jaitsi, eta Errenteria-Oreretara iritsiko dira txirrindulariak. Handik Lezo aldera egingo dute.
- 15:43. Lezon, Jaizkibelera igotzeko bidegurutzera iritsiko dira (termikoa zenaren parera).
- 15:55. Jaizkibelgo gaina.
- 16:02. Guadalupe.
- 16:10. Hondarribiko sprint berezia.
- 16:12. Irun.
- 16:25. Erlaitzeko gaina.
- 16:44. Oiartzun (Elizalde).
- 16:50. Errenteria-Orereta.
- 16:53. Antxo. Handik Donostiarantz jarraituko du lasterketak