‘Euskaraz barra-barra’ marka berria, bezeroek euskaraz egitea errazteko
Egitasmoa datorren urteko urtarriletik aurrera jarriko badute ere martxan, saltoki oiartzuarretan informazioa eskuratu daiteke dagoeneko.
Hainbat eta hainbat dira Euskal Herrian barrena euskararen erabilera eta hedapena sustatzeko lanean ari diren saltoki, enpresa eta entitateak, arlo sozioekonomikoan bederen. Bada, datorren urtarriletik aurrera Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak marka berri eta bateratua sortuko dute: Euskaraz barra-barra. Marka honen xedea euskal lurralde osoko zerbitzu sektorean euskararen erabilera zabaltzea izango da, bezeroei saltoki jakin horietan euskaraz egiteko aukera dutela jakinaraziz.
Datorren urtera begirako egitasmoa bada ere, uda honetatik aurrera zenbait udalerri marka zabaltzen ari dira dagoeneko, Oiartzun artean. Hori horrela, herrian 50 establezimendu inguruk egin dute bat jada.
Nola izena eman
Oiartzunen, LANIN eta “Euskara Komertziora” egitasmoetako suspertzaileak zerbitzu sektoreko langileei proiektuaren berri ematen ari dira, ekimenaren nondik norakoak zehazteko. Hala ere, markarekin bat egin nahi dutenek edo zalantzaren bat dutenek bide hauek erabili ditzakete:
- Merkatarientzat, Ttur-ttur EB: 943 260 182 telefonora deituta edo helbide elektroniko honetara mezua bidalita.
- Enpresentzat, LANIN zerbitzua: 943 254 290 telefonora deituta edo helbide elektroniko honetara mezua bidalita.
- Udaleko Hizkuntz normalizazio zerbitzua: 943 493 842 telefonora deituta edo helbide elektroniko honetara mezua bidalita.