142 lagunek jaietan eta udan zehar jarriko den musika hautatu dute
Eskari gehien jaso dituzten taldeak ETS, Zetak, Bulego, Huntza eta Gozategi izan dira. Parte hartzaileen artean zozketa egin da.
Xanistebanetan nahiz udaran zehar, 10 eta 25 urte arteko gazteek kalean entzun nahi duten musika erabakitzeko aukera izan dute. Orotara, 142 herritarrek hartu dute parte, eta 214 talde edota abeslariren 430 abesti mahai gaineratu dituzte. Bete beharreko baldintzen artean, abestiek letra mingarririk ez edukitzea eta hamar kantetatik gutxienez zortzi euskaraz izatea zeuden. Hori horrela, hauek izan dira gehien bozkatutako kanta eta taldeak:
Kantak:
1. Bueltan da (Bulego): 43 bozka.
2. Ametsetan (ETS): 42 bozka.
3. Aukera berriak (ETS): 41 bozka.
4. Itzulera (Zetak): 37 bozka.
5. Kantu bat (bulego): 34 bozka.
6. Sumendiak (ETS): 32 bozka.
7. Zeinen ederra izango den (Zetak): 30 bozka.
7. Aldapan gora (Huntza): 30 bozka.
8. Lasai-lasai (Huntza): 25 bozka.
9. Errepidea (Zetak): 21 bozka.
10. Denbora (Bego): 19 bozka.
Taldeak:
1. ETS: 252 aldiz bere kantak.
2. Zetak: 115 aldiz bere kantak.
3. Bulego: 108 aldiz bere kantak.
4. Huntza: 80 aldiz bere kantak.
5. Gozategi: 34 aldiz bere kantak.
Jasotako proposamenekin Spotify plataformako OIARTZUN MUSIKA EUSKARAZ kontuan bi zerrenda osatu dira: “Udako musika egunez” eta “Udako musika gauez”. Horiek izango dira jaietan zehar, barraketan entzungo direnak.
Parte hartzaileek Oiartzun Irratiaren zozketa batean parte hartzeko aukera izan dute ere: uztailaren 27ko zuzeneko emisioan hiru bozgorailu eramangarri eta barraketako fitxez osatutako hiru sorta zozketatu ziren. Sari banaketa abuztuaren 2an izango da, eguerdiko 12:00etan barraketan.
Elizaldeko Ttirikittauki eta Haurtzaroko Eskuttun euskara taldeetako gazteak aritu dira antolaketa lanetan, Oiartzungo Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean.