Cadizko Inauterien VIII. jaialdia aurkeztu dute
Jaialdia urriaren 15ean izango da Lekuona Fabrikan, eta sarrerak astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dira.
Cadizko Inauterien VIII. jaialdia aurkeztu du gaur goizean Lekuona Fabrikan antolakuntza taldean dagoen Josean Atxukarro kideak. Niessen Elkarteak antolatzen duen jaialdia urriaren 15ean izango da Lekuona Fabrikan, eta saio horretan Cadizko Inauterietako lau modalitate ezberdinetako bost emanaldi izango dira.
Alde batetik, laukote bat izango da Lekuonan: ‘Los ultraortodoxos de los callejones Cardoso’. Bi konpartsa ere egongo dira : ‘We can do… Carnaval!’ eta ‘Después de Cádiz, ni hablar’. Txirigota bat ere igoko da oholtzara: ‘Coristas de la calle’. Azkenik, erromantze bat ere egongo da jaialdian: ‘Este año salgo de milagri’. Aipatzekoa da jaialdira datozen laukoteak eta bi konpartsek sariak jaso dituztela lehiaketa ofizialetan, eta saridun emanaldiak izateak jaialdiari “garrantzia eta indar handia” ematen diotela azaldu du Josean Atxukarrok.
Jaialdiak honakoa izango zu zortzigarren edizioa, eta Atxukarrok aipatu du helburua Errenteria-Orereta eta Cadiz elkartzea dela. Hori dela eta, jaialdia aurkezteko erabili duten kartelean Cadizeko katedralaren dorrea eta Errenteria-Oreretako Andre Mariaren elizaren dorrea irudikatu dituzte.
Jaialdia urriaren 15ean izango bada ere, sarrerak astelehenetik aurrera, abuztuak 1, eskuratu ahal izango dira Kultura Kreaktiboaren webgunean eta Lekuona Fabrikan, 20 euroko prezioan.
Horrez gain, jaialdiaren barruan ere hitzaldiak eta jarduerak egongo dira urriaren 13an Emakumeen Etxean. 18:00etan Ana Magallanes hezkidetzan eta indarkeria matxistan adituak ‘Mujer, feminismo y Carnaval’ hitzaldia emango du. Ondoren, 19:30ean, umorearen txanda izango da Cadizko erromantzearekin: ‘El rey de la fiesta’.