[Elkarrizketa] "Disfrutatzen jarraitzeko eta lorpen gehiago eskuratzeko esperantza dut"
Espainiako selekzioarekin Europako txapeldun izendatu berri da oreretar gaztea, txapelketa bikaina osatu ondoren. 18 urterekin Bidasoako lehen taldearekin dabil, kontent da, eta hobetzen eta ikasten jarraitu nahi du.
Europako txapeldun izendatu berri zara 20 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin. Lorpen ikaragarria, ezta? Zer sentitu zenuen?
Ohore handia izan da niretzako, urte asko pasa ditut lanean horrelako txapelketetan lehiatu ahal izateko, eta irabaztea ikaragarria izan da. Duela gutxi hasi nintzen Espainiako selekzioarekin jokatzen, eta horrelako lorpen bat eskuratzea oso handia izan da niretzat. Pertsonalki asko baloratzen dut.
Nola joan zen txapelketa?
Arlo pertsonal zein kolektiboan oso txapelketa ona egin dugu. Belaunaldi honek talentu handia dauka, gehienbat erasoan, eta talde honi asko eman izana positiboa izango da niretzako eta hemendik aurrera datorrenerako.
Arlo pertsonalean nola ikusi zinen?
Oso ondo joan da dena. Txapelketan zehar minutu asko jokatu ditut, eta partida batzuetan eta momentu konkretu batzuetan paper garrantzitsua izan dut. Orotara, oso kontent nago egindako txapelketarekin.
Gaztea zara, soilik 18 urte dituzu, baina Bidasoarekin debuta egin duzu jada Asobal Ligan. Nolakoa izan da elitera iristeko bidea?
Luzea eta asko gozatua izan da orain arteko bidea. Herriko taldean, Ereintzan eman nituen nire lehen pausoak eskubaloian, eta honakoa izan da Bidasoan egin dudan lehen denboraldia. Iaz eskaintza ona egin zidaten Bidasoara etortzeko, eta urte guztietan ikasitakoa aplikatzen saiatu naiz, eurekin ere ikasten jarraituz.
Bidasoarekin ere Europan debuta egin zenuen. Nolakoa izan da horrelako txapelketa batean jokatzea?
Oraindik ez dut guztiz asimilatu. Ez diot buelta gehiegirik ematen, baina egia da beste jokalari askok ez dutela Europan jokatzeko aukerarik izan, eta nik 18 urterekin lehiatzeko aukera izan dut. Ez dut horretan gehiegi pentsatu nahi, baina niretzat ohore handia izan da Europan jokatzeko aukera izatea. Aritu garen zelai askotan jokatzea oso polita izan da, eta oroitzapen on ugari daramatzat barruan.
Kopan ere txapeldunorde izan zineten, finalean Bartzelonaren kontra galduta. Titulutik oso gertu geratu zineten.
Titulu hori eskuratu izan bagenu ikaragarria izango litzateke. Bartzelonak urte asko daramatza estatu mailan jokatzen duen guztia irabazten, eta oso zaila da haiek garaitzea, baina zaila den arren, ez da ezinezkoa. Geroz eta gertuago dago haiek menderatzeko aukera, denboraldi honetan arazo gehiago izan baitituzte ligako partida batzuk irabazteko. Ea noiz iristen den haiek garaitzeko unea.
Honakoa izan da zure lehen urtea Bidasoan. Nola baloratzen duzu?
Urtea oso polita izan da, asko ikasi dut, erasoan zein defentsan. Nahiz eta defentsan hobetzeko gauzak egon, jokalari gisara asko hazi naiz eta asko ikasi dut. Taldeko emaitzak ere onak izan dira: lehen eta bigarren taldeekin ligako hirugarren postua lortu dugu, eta kontent gaude. Badakigu hobetzeko gauzak ditugula, baina oso pozik nago orain arte izan dudan bilakaerarekin.
Lehen eta bigarren taldeen artean egin duzu lehen sasoia. Badakizu non jokatuko duzun hurrengo denboraldian?
Asmoa da aurten bezala jarraitzea. Bigarren taldean ere egotea garrantzitsua da niretzat, bertan minutu asko pilatzen baititut, eta lehiatzen dugun liga ez da makala. Ikusiko dugu nola doan denboraldia, baina asmoa bera da: bi taldeetan ikasten jarraitzea. Bigarren taldean gehiago jokatuko dut, eta lehen taldean ematen dizkidaten aukera guztiak aprobetxatzen saiatuko naiz.
Zer motatako jokalaria zara?
Partidak asko bizitzen ditut, intentsitate eta emozio handiarekin. Erasoan aritzea da nirea, eta defentsan erasoan ematen dudana baino gutxiago ematen dut, defentsan hobetzeko asko daukat.
Nola hasi zinen eskubaloian? Nondik datorkizu zaletasuna?
Familiatik datorkit. Aitak urte luzez jokatu zuen eskubaloira, eta ondoren entrenatzen hasi zen. Gerora, anaia izan zen jokatzen hasi zena, eta bien partidak ikusten nituen nire momentua iritsi zen arte. Eduki nuen lehen aukeran sartu nintzen eskubaloian, 10 bat urte nituela. Asko disfrutatzen nuen, eta ez nuen dudarik izan eskubaloia hautatzeko momentuan.
Nola baloratzen duzu kirol horretan orain arte egin duzun ibilbidea?
Polita, baina aldi berean motza izan da. Gaztea naiz, urte asko ditut oraindik aurretik, eta espero dut gauza positibo asko etortzea. Bidasoan eman dudan lehen urte hau luzea eta polita izan da, eta nik esperantza daukat hurrengo urteetan disfrutatzen jarraitzeko eta lorpen gehiago eskuratzeko.
Baduzu ametsik eskubaloian?
Erronka eta helburutzat Txapeldunen Liga jokatzea gustatuko litzaidake. Hori da kluben artean lehiatzen den txapelketa gorena, eta betidanik telebistatik ikusi dudan txapelketa hori jokatu ahal izatea oso polita izango litzateke.