[Erreportajea] Jolaserako erabiltzen den hura ez da gozatzen ari
Aska Itzank Animaliyak taldeko Lide Trekuk helburua animaliarik gabeko jaiak lortzea dela adierazi du. Aurten, egitaraua antolatu du AIAk.
Animaliarik gabeko jaien alde borrokatzeko sortu zen Aska Itzank Animaliyak (AIA) taldea 2020ko Txerri Egunaren atarian. «Herrian baginen batzuk gogoz ginenak festetan animaliak erabiltzeko eredua ezabarazteko», azaldu du Lide Treku Urreta taldekideak. Horrela, «jende piloa» elkartu ziren, eragiteko.
Propositu horiek hazten eta epe luzera begirako bilakatzen joan ziren denborarekin, eta murrizten joan zen AIA. Egun lau lagun dira konpromiso osoz lanean dihardutenak, talde handiko beste askok kolaboratzen jarraitzen badute ere.
Xedea garden adierazi du Trekuk: «Festetan erakusgai jartzeko edo haiekin dibertitzeko, komatxo artean, erabiltzen diren animalien jarduerak ezabatzea». Hori horrela izanik ere, etxetik eta etxean eragin nahi dute; bizilagunak hausnarrarazi, «gu ere bagarelako hemengo festen parte, eta aldatu nahi ditugulako».
Xanistebanetara begira, badira egitarauan animalien erabilera barne hartzen duten jarduerak, eta hori «pena» dela uste du AIAko kideak. «Egia da udalak ateak ireki dizkigula jai batzordean parte hartzeko, baina hau zerbait orokorra izan behar da, dena gure gain uzten ari baitira, eta bakarrik ezin dugu».
Bi proposamen prestatu ditu AIAk datorren asteazkenerako: 07:00etan (sokamuturra egiten ari den bitartean) Gosari Txow Done Eztebe plazan, eta 11:30ean (pottoka eta zezen ttikien ordu berean) ur puzgarriak, Haurtzaro Ikastolan.