Itzal handikoak
Ekainean hasi zinen bero sapa jasaten. Hasieran, laburra zirudien, epemugaduna, eta hargatik probestu zenuen hondartzara joateko, Herriondo bailaran paseatzeko edo Kalaburtzan murgiltzeko. Itxuraz, berri ona zirudien eguraldi eguzkitsuak. Laster aldrebestu zen giroa, ordea. Hil horretan bertan, eguzki galdatan ito ginen zenbait jokalari Piztu Lezok Plazetan antolatutako futbol 7 txapelketan. Bidelagun izan dugu bero neurrigabea ordutik, eta uztail betean, sargoriak etenik izango ez duela dirudi.
Euskal Herriko hegoaldean bizi dute egoerarik latzena. Soro lurrak sutan dituzte, eta paisaia erabat antzaldatu da, sumendien tankerakora heltzeraino. Gupidarik gabe jardun du suak, eta belztu bidean topatutako oro. «Udan beroaldiak beti izan dira», diote klima larrialdiaren ukatzaileek. Bistan da, ordea, salbuespenezko uda bizi dugula, eta aldaketa globala arrastoa uzten ari dela gurean. Zaharrenen oroitzapenetan ere, parekorik gabeko sarraskia izan da aurtengoa.
Tamalez ez diegu arbasoei kasu egiten. Bero itogarria zenean, itzaletik ibiltzeko gomendatzen ziguten aurreko belaunaldiek ongi baitzekiten eguzkia ez zela bidaide ona. Nahiago zuten beroaldiari ihes egin, eta horretan ari gara azkenaldian guztiok: batzuk igerilekuetan, besteak mendian, baina ahalik eta gehien itzalean. Zuhaitzen babesera jo ohi dut nik, eta haietako batean otu zaizkit itzalaren beste zenbait adiera, itzalaren alde ilunei loturikoak gehienak.
Naturzaletasunaren herrenak eraman nau itzalaren eragina landareetan aztertzera. Argiagatik lehiatzen dute, eta hazten bizkorrenek eskuratzen dituzte izpiak, baita azpiko zuhaixkak ito ere. Horixe gertatu da Epertxokon, Elortegi eta Arkirun artean. Duela hogei bat urte landatu zituzten zuhaitzak, eta artean beroak harrapatuko gintuenik ez zekiten arren, klima larrialdiari aurre egiteko neurri paregabea izan zen. Auzolanean egindakoa, halere, galtzen ari da egun. Gaztainondoak nagusitu, eta itzal egiten ari dira intereseko bestelako zuhaitz espezieei. Artelatzak eta ametzak ia akabatu dituzte, eta biziraun dezaten larrialdiko esku-hartzea egin beharko litzateke bertan: nagusitutako espezieei adarrak ebaki, inausi, besteei argia uzteko.
Landareen gisan, zenbait pertsonek ere badute ingurukoei itzal egiteko ahala. Elikatzeko behar dute besteen arreta, eta hura lortzeko edozein zakurkeria egiteko gai dira, bazterketa eta sabotajea barne. Itzal handiko pertsona horiek propio lapurtzen diete argia ingurukoei, gutxiesten dituzte, hitza ebatsi, besteen kontura haien boterea handitzeko. Ardura postuetan ikusiko dituzu maiz, esaterako, erronka klimatikoari entzungor egiten. Ingurukoa itzaltzea besterik ez dute lortzen, baina, zuhaitzekin ez bezala, nekez topa daiteke horientzat konponbidea. Larrialdi betean gaudenez, interbentzioa ezinbestekoa da: zer moztu behar zaie halakoei?