[Galeria] Giro ederrean hasi da Xanisteban Eguna
AIAren ur puzgarriek, Lartaun txistulari taldearen kontzertuak, eta eskuzko pasakak hartu dute Oiartzun; besteak beste.
Xanisteban Egun handia dute gaur ospatzeko oiartzuarrek, eta goizean goizetik ekin diote horri, izan ere, 07:00etatik baitzituzten jaien egitarauan lehen proposamenak.
Eguzkia lagun izan dute festazaleek, eta goizeko giroa iruditan bildu du HITZAk. Besteak beste, honakoek hartu dute lur gaur goizean Oiartzunen: Lartaun Txistulari Taldeak 45. kontzertu herrikoia antolatu du; euskal doinu, kanta eta dantzetan oinarrituriko emanaldia eskaini dute, eta Kontzejupeko eserleku guztiak bete dituzte ikusleek.
11:30etik, gainera, gozatua hartzeko aukera izan dute txikienek, ur festa izugarrizkoa antolatu baitu AIAk Haurtzaro ikastolaren kanpoaldean, eta jendetsua izan da, oso, goiza bertan. Tenperatura altuekin zerekin freskatu izatea eskertu dute askok -eta haietako batzuk urrun zeuden, jada, haur izatetik-.
Azkenik, 13:00ak pasatxotan hasi da Eskuzko Pasakako Gipuzkoako Txapelketaren finala, Kontzejupean, Txost pilota elkarteak antolatuta. Partida hasi berri zenean jokalarietako batek begi inguruan kolpe ederra hartu badu ere, ez diote etsi eta aurrera egin du laukoteak partidarekin.
Bazkaltzeko astia dute orain oiartzuarrek, baina ez dute luze atsedenik hartuko, 16:00etan Auzoen Arteko 43. Sokatira Txapelketa jokatuko baita Madalensoron, Artaso Elkarteak antolatuta. Bertan ere izango da HITZA, unerik adierazgarrienak iruditan jasotzeko.