[Galeria eta bideoa] Garmendia okinek abiarazi dituzte Xanistebanak
Garmendia okindegiko anai-arrebek bota dute 2022ko txupinazoa, udalbatzaren tradiziozko Sokadantzaren atzetik.
Martxan dira 2022ko Oiartzungo Xanistebanak.
Herriko talde feministak agerraldia egin zuen txupinazoa baino lehen, jai aske eta feministak nahi dituztela aldarrikatzeko. Emakumeek Herriko Plaza bete, eta hala mantendu zen ordubetez, 19:30a inguruan udalbatzako kideek urteroko Sokadantza dantzatzeari ekin bitarte.
Txalo artean agurtu zituzten herritarrek euren ordezkariak, bai eta Haurtzaro dantza taldeko eta Lartaun txistulari taldeko musikariak ere. Horien emanaldia bukatuta heldu zen bi urte luzez itxarondako txupinazoa.
Garmendia okindegiko anai-arrebak omendu nahi izan ditu aurten Oiartzungo Jai Batzordeak, eta horiek izan ziren, beraz, atzoko jaien aurkezpena egin eta Xanistebanak abiatzeko suziriak bota zituztenak. Plazan bizilagunengandik jaso izan duten beroa plazara bueltatzeko asmoz mintzatu ziren.
Jarraian, Marijose Garmendia ahizpa gazteenak suziria botatzeko unearen bideoa, eta txupinazoaren ekitaldiko zenbait argazki.