[Galeria] Plaza bete txotx eta mokadu
Ibargain Elkartearen 21. Inaxio Uharte Sagardo Lehiaketak eta herriko establezimenduen pintxo lehiaketak plaza bete dute.
Done Eztebe plazako txoko guztiak hartu ditu gaur eguerdian Xanistebanen jai giroak, izan ere, sagardo eta pintxo lehiaketa antolatu baititu Ibargain Elkarteak, eta aski izan dira edanaz nahiz janaz gozatzera hurbildu diren bizilagunak.
Oiartzungo Herri Musika Eskolaren kale bueltak, gainera, ordu berean -12:00etan- bukatu du bira plaza berberean, eta emanaldiarekin girotu dute dastaketa.
21. Inaxio Uharte Sagardo Lehiaketa izan da aurtengoa. Herriko sagardoa dasta eta baloratzeko aukera izan dute aurretik edalontzia erosi dutenek, eta ageriko egin dute oiartzuarrek bi urteko hutsuneak egarri zituela. Edan bakarrik ez, parte hartu duten 13 sagardogileak epaitu ere epaitu dituzte adituek, eta aurtengo txapelketak baditu irabazleak. Horratx:
- Lourdes Lekuona. 23 bozka.
- Garmendia baserria. 19 bozka.
- Zulatxiki baserria. 18 bozka.
Pintxo lehiaketa apur bat beranduago hasi da, Kontzejupean. Herriko 21 elkarte eta tabernek prestaturikoen artean, mokadu onena nork egin duen erabaki du, denak dastatuta, lau adituk osaturiko epaimahaiak. Jarraian, palmaresa:
- Matteo jatetxea. 68 puntu.
- Aldeguna elkartea. 61 puntu.
- Amazkar taberna. 58 puntu.
Giro ederra sortu du Ibargain Elkarteak aurten ere. Egiaztatu zuk zeuk: