Antxoko errekako sare metalikoa txalotu du Eguzkik
Erakunde ekologistak nahiz bizilagunek eskatuta ipinitako sareari esker zabor gutxiago isuriko da itsasora. Eredua jarraitzeko eskatu dute.
Eguzki talde ekologistak txalogarritzat jo du Pasaiako Udalak Pasai Antxoko Molinao errekako bazterrean dauden baranden behealdean metalezko sareak jarri izana. Aipaturiko kasu horretan, Eguzki taldeaz gain, antxotarrek ere eskatu zuten horiek ezartzeko.
Keinu txiki horrek itsasora iristen den zabor kopurua murriztea lortuko du, eta horrekin, apurka-apurka, itsasoaren egoera hobetzen joango dela adierazi du Eguzkik.
Iniziatiba Gipuzkoako hainbat herritan aurrera eraman da dagoeneko, eta denetara zabaltzea da erakunde ekologistaren helburua. “Horren harira, gogoratu nahi dugu Oarsoaldeko beste herriei eskaera luzatu geniela”, mintzatu dira taldekideak, “eta metalezko sarea ahalik eta azkarren ipintzeko eskaera berresten diegu”.