Hibaika Euskotren Ligan arituko da datorren denboraldian
Asteburuko emaitzen ostean, bigarren postua ziurtatu du Oreretako traineruak. Emakumeen maila gorenean arituko dira 2023ko denboraldian, Hondarribiarekin batera. Bost urteren ostean, bueltan dira Euskotren Ligan.
Hibaikako emakumeak Euskotren Ligara sailkatu dira. Emakumeen maila goreneko ligan lau traineru lehiatu dira orain artean. Bada, datorren urteko denboralditik aurrera formatua aldatu eta zortzi arituko dira; horietako bi urteero ETE Ligatik igotakoak izango direlarik. Hibaika bigarren da sailkapenean eta hogei puntura du Deusto, hirugarrena. Hori dela eta, bandera baten faltan (datorren asteburuan ETE Ligako traineruak Erandiora mugituko dira), igoera ziurtatu du Hibaikak.
Zuriñe Alberdi patroiak oraindik ere lortu dutenaz jabetu ez direla adierazi du. “Sentsazioa arraroa da. Oso pozik gaude emaitzekin, baina liga oraindik bukatu ez denez, lortu duguna erabat sinetsi ez dugula dirudi”. Dena den, helburua beteta, “asteburuan bandera irabaztera aterako gara” ohartarazi du Alberdik.
Denboraldi hasieratik txapela lortu eta Euskotren Ligara igotzea jarri zuten helburutzat. Gainera, lehenengo estropadan [Hernanin, ekainaren 19an] hirugarren denbora azkarrena erregistratu ostean, helburua egingarria zenaz jabetu ziren. Ez ordea, “Hondarribia pixka bat gorago egon da” aitortu du patroiak.
Bestela, joan den asteburuan bigarren denbora onena egin zuen Hibaikak Zarauzko Arraun Elkartearen Emakumezkoen II. Banderan, 11:25,94-ko denborarekin. Aurretik Hondarribia izan zuen bakarrik. Igandean Bilbora mugitu ziren, Ane Aizpururen Omenezko II. Bandera lehiatzera. Orduan, hirugarren sailkatu eta zazpi puntu bereganatu zituen. Orotara 111 puntu bildu ditu Hibaikak orain artean.
Hurrengo asteburuan, Bizkaira hurbilduko dira ETE Ligako emakumeak, azken banderaren bila:
- Abuztuak 28, igandea: Erandioko XXXV. Bandera, arratsaldeko 18:00etan.