BIZI Errenteria erosketa bonuen laugarren kanpaina abian da
Egitasmoa irailaren 5etik abenduaren 4ra egongo da indarrean, eta herritarrek datozen egunotan jasoko dituzte euren etxebizitzetan bonu fisikoak.
BIZI Errenteria erosketa bonuen laugarren kanpaina gainean da, eta gaur goizean aurkeztu dute Aizpea Otaegi alkateak, udalbatzako alderdien ordezkariek eta Ostariko, Merkatuko, Errenkoaldeko eta merkatari independenteen ordezkariek.
Erosketa bonu kanpaina hori irailaren 5ean hasiko da, eta hiru hilabetez luzatuko da, abenduaren 4a arte. Alkateak azaldu duenez, 2020an abiatutako egitasmoaren helburua da herritarren gaitasun ekonomikoa areagotzea, tokiko ekonomia bultzatzea eta udalerrian erosteko ohitura sustatzea. Horrez gain, momentu honetan bizi den ziurgabetasun egoerari aurre egiteko asmoz, laugarren bonu kanpaina sustatzea erabaki dutela zehaztu du Otaegik, eta herriaren eta herritarren suspertze ekonomikoa bultzatze aldera, ia milioi erdi euro bideratu ditu Errenteriako Udalak kanpainara.
Ohikoa den bezala, herritarrek erosketa bonuak postaz jasoko dituzte euren etxebizitzetan datozen egunotan. Bonu horiek kanpainara atxikitako establezimenduetan erosita hobaria jasoko dute herritarrek. Udalerriko etxebizitza bakoitzera lau erosketa bonu helaraziko dira, eta gazteen artean herrian erosteko ohitura sustatzeko helburuarekin, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek beste lau bonu gehigarri jasoko dituzte.
Erosketa bonu bakoitzarekin, 10 euroko edo gehiagoko erosketetan, 5 euroko hobaria eskuratuko da. Bonuak batera erabil daitezke, baina aplikatutako hobariak ezingo du gastu osoaren %50a gainditu.
Bonuak BIZI Errenteria programara atxiki diren establezimenduetan erabili ahal izango dira. Aurreko kanpainetan 250 establezimenduk hartu zuten parte kanpainan. Egitasmoan establezimendu bakar bat ere kanpo gera ez dadin, Errenteriako Udalak dei egiten die orain arte batu ez direnei egin dezaten. Horrez gain, bonuak erabilgarri direneko establezimenduen zerrenda BIZI Errenteriaren webgunean kontsulta daiteke, eta herritarrek komertzio horiek identifika ditzaten, establezimenduek BIZI Errenteria ikurra izango dute ikusgai.
Aurreko kanpainetan egin bezala, herritarrek jasoko dituzten bonuak fisikoak dira. Establezimenduek egin beharreko bonuen kudeaketari begira, berriz, balidazioa eta ordainketa automatizatu egingo da BIZI Errenteria aplikazioaren bidez. Aplikazio horrek kudeaketa arinduko duela azaldu dute ordezkariek, eta gardentasuna eta segurtasuna bermatuko ditu. Kanpainara atxikitako komertzioek sakelako telefonoko aplikazio hori jaitsi eta bonuak balidatu beharko dituzte. Udalak, aplikazioaren bidez balidatutako bonuen baitan, ordainketak egingo ditu.
Bonuen inguruko zalantzak argitzeko, udalak eskuragarri jarri ditu 010 eta 943 44 96 00 telefono zenbakiak. Horrez gain, BIZI Errenteriaren webgunean eta udalaren sare sozialetan ere egitasmoaren berri emango da.